Donostia Zinemaldiak Nest sailerako lanak aurkezteko epea ireki du astelehen honetan eta uztailaren 2ra arte egongo da zabalik. Zinema ikasleen film laburren lehiazko saila da Nest, eta 24. edizioa irailaren 22tik 26ra bitartean egingo da, mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko asmoz.

Zinemaldiko iturriek jakinarazi dutenez, 60 ikasle baino gehiago bilduko dira Donostian, eta aukera izango dute film laburren emanaldietan eta 'Hizketaldiak' saileko saioetan parte hartzeko; prestakuntzaren, sormenaren eta industriaren ikuspegitik zinemari buruzko elkarrizketa sustatzeko sortu zen 'Hizketaldiak' atala.

Bada, zinema eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake Nest sailera. Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta 15 inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.

Edizio honetako berrikuntza da bi sari gehiago emango direla lehiaketan: film laburrik onenarentzat Movistar Plus+ saria -Espainian plataformaren bidez emateko eskubideak erostea-, eta Tabakalera saria

Aukeratutako lan guztien artetik saria emango duen epaimahaia hautatutako eskoletako ikasleek osatuko dute, zinemako profesional bat buru dutela. Nest The Mediapro Studio saria 10.000 eurokoa izango da, irabazi duen film laburraren zuzendariarentzat. Hirugarren urtea da Studiok Nest-ekin duen lankidetza berritzen duela, nazioarteko talentu sortzaile berriari laguntzeko.

Edizio honetako berrikuntza da bi sari gehiago emango direla lehiaketan: film laburrik onenarentzat Movistar Plus+ saria -Espainian plataformaren bidez emateko eskubideak erostea-, eta Tabakalera saria -2026ko hiru asteko egonaldia hautatutako zuzendariak hurrengo proiektua garatu dezan-.

Film laburrak sarean aurkez daitezke, eta araudia eta Nest sailari buruzko bestelako informazioak ikusgai daude Zinemaldiaren webgune ofizialean. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2an amaituko da.