Etxepare Euskal Institutuak hiru diru laguntza lerro prestatu ditu euskal literaturaren itzulpena eta nazioarteko zirkulazioa sustatzeko asmoz, euskal kulturaren nazioarteko zabalkunde eta proiekzioarekin duen konpromisoa berretsiz, eta aurten 91.000 euro banatuko ditu "euskal letrei gure mugetatik kanpo bide berriak irekitzeko ahaleginean idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agente literarioei laguntzeko".
Horrela, Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, lehenengo laguntza lerroa AT! Itzulpena: literatura da, eta euskarazko lan osoen itzulpena eta argitalpena ditu ardatz. Orotara 63.000 euroko aurrekontua du, eta nazioartean euskal literatur lanak beste hizkuntza batzuetan argitaratu nahi dituzten argitaletxeei zuzenduta dago.
KASUISTIKAK
Bi kasuistika jasotzen ditu: alde batetik, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako lanak beste edozein hizkuntzatara itzultzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko egileek gaztelaniaz idatzitako eta argitaratutako lanak euskara ez den beste hizkuntza batera itzultzea.
Deialdia ekainaren 5era arte egongo da zabalik, eta nazioarteko katalogoetan euskal egileen presentzia areagotzea du helburu. Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, deialdian jasotako irizpideei jarraituz, eta funtsak agortu arte. Proiektu bakoitzak gehienez 8.000 euro jasoko ditu, eta eskatzaile bakoitzak, gehienez, 12.500 euro.
Itzulpen eta edizio lanetan aritzen diren pertsona fisiko zein juridikoek eska dezakete
Itzulpen eta edizio lanetan aritzen diren pertsona fisiko zein juridikoek eska dezakete. Gaztelaniarako itzulpenetan, argitaletxe eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta egon beharko du; bertan erroldatutako norbanakoek ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak, betiere lana kanpoko argitaletxe batean plazaratuko bada.
Bigarren deialdia lurralde frankofonoetan euskal kulturaren ikusgarritasuna sustatzea helburu duen 'Ça colle au basque' ekimenaren baitan kokatzen da. Deialdiak jatorriz euskaraz idatzitako lanen frantseserako itzulpena, argitalpena eta zabalkundea babesten du, eta Euskal Herriko nahiz atzerriko argitaletxeek, idazleek, itzultzaileek eta agente literarioek bultzatutako proiektuetara bideratuta dago. Urtero 20.000 euroko aurrekontua izango du, hiru urtez.
Prozesuak hiru fase izango ditu: lehenik, hautatutako pertsonek eremu frankofonoko argitaletxeak aztertuko dituzte; ondoren, lanaren lagin bat itzuliko da (beharrezkoa bada); azkenik, argitalpen konpromisoa gauzatuko da argitaletxearekin.
Lehen edizioa uztailaren 7ra arte egongo da zabalik. Hiru proiektu hautatuko dira, eta bakoitzak gehienez 9.000 euroko laguntza jasoko du.