Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak handitu egin du genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako diru laguntzen aurrekontu saila, dagoen eskaerari erantzun ahal izateko. Handi daiteken kontu saila da, laguntza behar duten eta baldintzak betetzen dituzten emakume guztiek eskuratu baitezakete. Bada, aurten 1,6 milioi euroko aurrekontua osatu da, duela gutxi beste 774.766 euro gehitu zaizkio, eta guztira, beraz, 2.374.766 euro bideratu dira.

Jaurlaritzaren arabera, laguntza ekonomikoaren helburua da genero indarkeria jasan duten emakumeei erasotzailearengandik independizatzen laguntzea eta harengandik independentea den bizimodu berria hastea. Iaz 385 emakumek jaso zuten diru laguntza, aurreko urtean baino %50 gehiagok, eta 2024an, orain arte, era horretako 322 laguntza eman dira jada, eta oraindik 71 eskaera daude ebazteko, urteko azken asteetan irits daitezkeenen zain.

Zehazki, Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzak 549 eskaerari erantzun die orain arte -2024an jasotako 473ri eta ebatzi gabe geratu ziren 2023ko beste 76ri-; 322 laguntza eman dira, 137 eskaera ukatu dira eta 19 atzera bota dira; gainera, 71 eskaera erantzunik gabe geratu dira, eta 2024an zehar ebatziko direla espero da.

Laguntza genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat baino ez da, hau da, Lege Organikoak ezartzen duen moduan, gizon batek bikotekide den edo izan den emakume baten aurka beti erabilitako indarkeria gisa ulertuta.

Diru kopuru handia izan eta dena batera ordaintzen denez, laguntzaren helburua da bideragarri egitea emakumea bizi duen tratu txarren egoera horretatik errazago atera ahal izatea. Laguntzaren bidez lortu nahi da zorrei aurre egin ahal izatea (askotan erasotzaileak sortutakoak), behar izanez gero etxebizitza aldatzea, alokairu baten fidantza ordaintzea eta beste alderdi batzuk. Laguntzaren azken xedea da diru sarrerarik eza edo eskasia neurri batean arintzea, emakumeari bizirauteko gutxieneko baliabide batzuk emateko.