Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 187.501 euroko laguntzak emango dizkie aurten turismo sektoreko autonomoei, enpresa txiki eta ertainei eta elkarteei, bidaiariei eskaintzen dizkieten zerbitzu eta esperientzien eskaintza modernizatzeko eta hobetzeko proiektuak finantzatzeko.
Erakunde onuradunak ostatuak (hotelak, landetxeak eta apartamentu turistikoak), bidaiariak garraiatzeko enpresak, upeltegiak, kultura elkarteak eta fundazioak dira.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, ostatu, jatetxe eta turismo zerbitzuen enpresak eta tokiko eta eskualdeko elkarteak "funtsezko eragileak dira turismo eskaintza osoa eta askotarikoa eratzeko eta, horrela, Araba kalitatezko helmuga gisa sendotzeko. Horregatik, laguntza ematen diegu eskaintza hori hobetzeko, baliabide materialak eta zerbitzuak modernizatzeko eta sustapen ekintzak egiteko."
Erakunde onuradunak ostatuak (hotelak, landetxeak eta apartamentu turistikoak), bidaiariak garraiatzeko enpresak, upeltegiak, kultura elkarteak eta fundazioak dira
"Ekitaldien antolaketa ere finantzatzen dugu, oso garrantzitsuak baitira bidaiariak erakartzeko eta sektorea dinamizatzeko. Aurten, besteak beste, enoturismoarekin, artisau garagardoekin eta landa inauteriekin lotutako ekitaldiak finantzatuko ditugu, bai eta bisita gidatuak ere", adierazi du.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak bi deialdiren bidez ematen ditu laguntza ekonomiko horiek. Lehenengoak 132.250 euroko hornidura du, elkarte eta fundazioentzat da, eta, besteak beste, honako hauek finantzatzeko aukera emango du: Billodako landa inauteriak eta Iruña Okako ilargiaren jaia, Samaniego in Wine ekitaldiaren sustapena, Villabuena Wine Fest ekitaldia eta Gatzaga Buradongo upeltegi irekien jardunaldiak.
Hona hemen finantzatutako beste proiektu batzuk: Urizaharreko aire zabaleko museo etnografikoaren web orria sortzea eta garatzea, eta erakusketa bat antolatzea Done Jakue Bidearen Arabako tartea ezagutarazteko eta zabaltzeko.
Erakunde onuradunetako batzuk dira Artium Fundazioa eta Gatz Harana Fundazioa, eta lineako salmenta sistema hobetzeko, web posizionamendua hobetzeko eta zenbait ekitaldi egiteko erabiliko du laguntza lehenengoak, eta sustapen ekintzak eta bisita gidatuak egiteko, bigarrenak.
Bigarren laguntza lerroak 55.300 eurotik gorako hornidura du, eta turismo sektoreko autonomoen eta ETEen sustapen eta merkaturatze tresnak hobetzeko da, bai eta bidaiarientzako eskaintza indartzeko ere.