Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak gizarte proiektuak garatzeko diru laguntzen deialdia ebatzi du eta, horren ondorioz, 125.000 euro banatuko ditu 16 erakunderen artean. Zehazki, 10.000 euro (handiena) eta 3.500 euro arteko zenbatekoak jasoko dituzte.

Aurtengo deialdira 20 elkartek aurkeztu dituzte proiektuak, eta lau kanpoan geratu ziren eskaera epez kanpo erregistratu zutelako, sailaren eskumenen baitan dauden proiektuak ez zirelako edo bideragarritasun ekonomikoari dagokionez eskatutako gutxieneko puntuazioa betetzen ez zutelako.

Horrela, diru laguntza jasoko duten erakundeen artean daude, besteak beste, Gizarterako, Nagusilan, Insola, Konexio Ona, Aspasor Arabako Pertsona Gorren Gurasoen eta Lagunen Elkartea, Ikiriki, Ai Laket edota Hirukide familia ugarien elkartea.

Deialdiaren helburua da hirian antolatzen eta garatzen dituzten eta Gasteizko Udalaren eskumenekoak diren esku hartze proiektuak eta prebentzio, sustapen, informazio eta sentsibilizazio sozialeko jarduerak egitetik eratorritako gastuak ordaintzen laguntzea.

Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziaren hitzetan, "sailaren helburua da bidezkoagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa den hiria garatzen laguntzea. Gure ustez, babesgabetasun handienean dauden kolektiboei laguntzeaz gain, beste balio batzuk sendotzen laguntzen dugu, besteak beste, inklusibitatea. Horri esker, berdintasun handiagoko gizartea eraikitzen lagunduko dugu, pertsona guztiek aukera berberak izan ditzaten", ondorioztatu du.