Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegia-ren argitalpen berria egin du, "edukiz aberastuago" eta "itxuraz ere berritua". "Aurkezpena argiagoa da, erabilera erraztu zaio eta sarrera osoan bilaketak egiteko aukera du orain", Akademiako iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, bilaketak izugarri findu daitezke orain adibidetegian mendearen, euskalkiaren, egilearen eta obraren arabera iragazteko aukerari esker, eta erreferentzia bibliografikoetako laburduren esanahia jakiteko nahikoa da sagua erabiliz kurtsorea gainean jartzea.

Honela, 14. argitaraldi honetan 154 sarrera berri, 243 azpisarrera berri eta TEI (Text Encoding Initiative) delako testu-kodeketaren arabera egituratutako 48.521 adibide berri agertzen dira. Guztira 147.011 sarrera eta 58.248 azpisarrera ditu hiztegiak, eta horietan 716.914 adibide daude TEIren arabera egituraturik.

Horrez gain, edukiari dagokionez, Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoaren emaitzak (278-442 galderatakoak) arakatu eta gehitu dira, eta Grenobleko liburutegian gordetzen den Oihenarten poesien 1657ko argitalpenaren alean agertu diren (eta orain arte ezagutzen ez ziren) poesietatik adibideak aukeratu eta sartu dira (Gidor Bilbaok ASJU aldizkarian eginiko ediziotik hartu dira).

'Orotariko Euskal Hiztegia'-k euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena. Euskaltzaindiak eskaintzen duena hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoaren hamalaugarren argitaraldi digitala da eta Creative Commons lizentziapean banatzen da.

Akademiak egituratze lanetan jarraitzen du, hiztegiaren barne egitura etengabe zuzentzen eta hobetzen. Lan horiei esker, hiztegiko azpisarrerak eta hainbat aldaera ere topatzeko gai da orain bilatzailea. Horrez gain, jadanik egituratutako 716.914 adibideak bildu eta sailkatu dira. Adibidetegi horretan bilaketak egiteko aukera ere badago.