Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak (Bizkaia) zortzigarrenez abiatu dute Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka DA! bekaren deialdia, eta oraingoan komiki proiektu bat lagunduko dute.
Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da, aurtengo deialdia egiteko prentsa agerraldian gogorarazi dutenez.
Iker Urkizak (Durangoko Udala), Nerea Mujikak (Gerediaga Elkartea), Paule Sanchezek (Durangoko Udala) eta Beñat Gaztelurrutiak (Gerediaga Elkartea) parte hartu dute prentsaurrekoan.
Bada, azaldu dutenez, deialdia 18 urtetik gorako sortzaile berriei zuzenduta dago (gehienez bi lan izango ditu argitaratuta bakarka), banaka zein taldeka. Bekadunak 15.000 euro jasoko ditu, sorkuntza prozesua eta plazaratzea laguntzeko. Dirua proiektu bakarrari emango zaio eta lehiaketa bidez aukeratuko da.
Proposamenak aurkezteko epea irailaren 21eko 18:00etan itxiko da eta posta elektronikoz bidali beharko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Eskaera formularioa, sortzailearen curriculuma eta portfolioa, proiektuaren memoria (motibazioa, luzera, kronograma) eta komiki lanaren laginak aurkeztu beharko dira.
Proiektuaren kalitatea eta gaiaren tratamenduak sor dezakeen interesa, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena, zenbateraino sustatzen diren kultur artekotasuna, genero berdintasuna eta integrazioa, eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira epaimahaiaren balorazio irizpideak.
Epaimahaiak lauzpabost aukeratuko ditu aurkeztutako lanen artean, eta hautatuek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaikideen aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da.
Lan irabazlearen berri 60. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da (2025ean), eta hautatuak urtebeteko epea izango du proposamena burutzeko eta emaitza 61. Durangoko Azokan erakusteko (2026an).