2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu dute haren erakunde sustatzaileek Donostian egindako prentsaurrekoan. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko hiztegi oso bat da, eta Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruko terminoak eta definizioak jasotzen ditu.

Hiztegiak, gaur arte, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin lotutako 3.600 kontzeptu jasotzen ditu. Informazio hori edonork eskura dezake www.2030agendahiztegia.eus webgunean.

Hiztegian jasotako hitz bakoitzari dagokionez, erabiltzaileek informazio hau aurkituko dute: definizioa, terminoak eta eremua. Webguneko terminoak eta definizioak eta interfazea hiru hizkuntzatan aurkezten dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gainera, webguneak informazio osagarria eskaintzen du, bai eta gai horrekin lotutako beste hiztegi batzuk kontsultatzeko aukera ere.

Webgunera sartzean, erabiltzaileak interfaze erakargarri eta garbi bat aurkituko du. Termino bat hautatu ondoren, terminoen informazioarekin lotutako kontzeptu-fitxa(k) erakutsiko d(ir)a, hiru hizkuntzetan, eremua eta definizioa. Kasu batzuetan, ohar bat ere agertuko da, bilatutako terminoarekin lotutako beste kontzeptu batzuk kontsultatzeko.

Hiztegiak aukera ematen du, halaber, kontzeptu-fitxa sare sozialetan zabaltzeko, bai eta haren edukiari buruzko oharrak edo proposamenak egiteko ere. Horrekin guztiarekin batera, bilatutako terminoak zuzenean kontsulta daitezke beste hiztegi batzuetan: Zientzia eta Teknologiako Hiztegi Entziklopedikoa, Elhuyar Hiztegia eta Wikipedia.

Azkenik, termino bat bilatzean erantzunik aurkitzen ez bada, erabiltzaileak proposamen bat egin ahal izango du termino hori hiztegian sartzeko. Hiztegi honek baliabide bizia eta dinamikoa izan nahi du, erabiltzaileek webgunearen bidez egin ditzaketen iruzkinekin eta proposamenekin hobetu eta zabaldu ahal izateko irekia.

Proiektua sustatu duten hiru erakundeek 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna jarri dute Nazio Batuen esku, zehazki, Bilboko Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren esku. GJHen lokalizazio-prozesuari Euskaditik egindako ekarpena da. Prozesu horretan, herrialde bakoitzeko hizkuntzak eta kulturak 2030 Agendarekiko konpromisoa transmititzeko zeharkako ardatzak dira.

Proiektu honen sorrera

Proiektu honen abiapuntua Danobatgroup makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren industria-taldea da. Talde horrek, jasangarritasun-estrategia abian jartzean, arlo horretan terminologia lantzeko beharra hauteman zuen, eta glosario bat egin zuen gaztelaniazko eta ingelesezko terminoak eta definizioak jasotzeko.

Ondoren, Danobatgroup taldeak planteatu zuen terminologia hori euskarara ere eraman behar zela, eta Elhuyarren aholkularitzara jo zuen. Izan ere, arlo sektorialeko edo profesionaleko beste hiztegi batzuk egiten daukan esperientziatik, bat egin zuen proiektuarekin.

Proposamena Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiari aurkeztu zitzaion. Lehendakaritzak Euskadin GJHak sustatzeko dituen jarduera-ardatzekin bat egin zuen, eta proiektua 2030 Agendaren hiztegi gisa zehaztu zen.

Elhuyarren lan teknikoa kontzeptuak arloka sailkatzeaz eta eduki guztia gizartearen eskura jartzen duen webgune bat diseinatzeaz gain, terminoak biltzea, proposatzea eta definizioak euskarara itzultzea izan da. Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzak finantzatu eta gainbegiratu du ekimena.

Ildo horretan, nabarmendu behar da 17 GJHen artean ez dela kultura eta hizkuntza minoritarioekin berariaz lotutako helbururik jasotzen. Bai Euskadin, bai planetako beste leku askotan, hainbat jarduera garatzen ari dira kultura- eta hizkuntza-aniztasunari lotutako 18. GJH bat txertatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, zehazki, prozesu bat abiarazi du 2030 Agendaren esparruan, 18. GJH horri eduki espezifikoa emateko. Prozesu horren barruan kokatzen da 2030 Agendaren hiztegi hau egitea eta aurkeztea. Hiztegi horren helburua da Garapen Jasangarrirako Helburuen eremuan euskarazko jarduna aberastea eta sustatzea.