Eustaten datuen arabera, 2023ko urrian Euskal AEko landetxeetako sarreren kopuruak aurreko urteko hilabete berean izandakoen kopurua berdindu du (14.976 sarrera). Ostatu-gauen kopurua ere ia berdina izan da: 33.866 ostatu-gau 2023ko urrian eta 33.876 2022ko urrian.
2023ko urrian, atzerritarren sarrerak aurreko urteko urrikoak baino % 4,5 gutxiago izan dira, eta Euskal AEko landetxeetako sarrera guztien % 23,7 izan dira. Ostatu-gauen kasuan, berriz, atzerritarrenak guztien % 22,1 izan dira, eta % 6,5 igo dira 2022ko urriarekin alderatuta.
Lurralde historikoak kontuan hartuta, sarrerak % 13,2 igo dira Araban, eta % 5,8 Gipuzkoan. Bizkaian, berriz, % 14,0 jaitsi dira. Ostatu-gauak, berriz, % 15,5 igo dira Araban, eta % 5,6 Gipuzkoan. Bizkaian, berriz, % 15,1 jaitsi dira.
Euskal AEn, establezimendu mota horretako batez besteko egonaldia 2,26 egunekoa izan da 2023ko urrian, hau da, aurreko urteko hilabete berekoaren oso antzekoa. Batez besteko egonaldiak ez du adierazten Euskal AEra etortzen diren bidaiarien egonaldiaren guztizko iraupena, gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean ematen duten egun kopurua baizik.
Plazen arabera, okupazio-maila % 24,9koa izan da, hau da, 2022ko urrian lortutakoa baino 0,6 portzentaje-puntu handiagoa. Gelen arabera, berriz, urtetik urterako igoera 0,9 puntukoa izan da, eta % 29,2ra iritsi da.
Apartamentu turistikoei dagokienez, 2023ko urrian 14.775 sarrera eta 52.944 ostatu-gau erregistratu dira. Datu horiek aurreko urteko urrikoekin alderatuz gero, sarreren kopuruaren igoera % 8,8koa izan da, eta ostatu-gauen kopuruarena, berriz, % 2,1ekoa.
Apartamentu turistiko deitzen zaio ustiapeneko enpresa-unitate bakar batek bloke edo multzo gisa eskaintzen duen ostatu-unitate bakoitzari. Ez dira epigrafe honetan sartzen erabilera turistikoko etxebizitzak, hau da, helburu turistikoetarako aldi baterako eskaini, merkaturatu edo lagatzen diren etxebizitza partikularrak.
Euskal AEko apartamentu turistikoetako sarrera guztien % 36,9 eta ostatu-gau guztien % 39,2 atzerritarrenak izan dira, eta urtetik urterako % 36,4ko eta % 24,5eko igoerak izan dituzte urrian, hurrenez hurren.
2023ko urrian, apartamentu turistikoetako batez besteko egonaldia 3,58 egunekoa izan da, hau da, 2022ko urrian lortutakoa baino txikiagoa (3,82 egun 2022ko urrian Euskal AE osoan). Araban, establezimendu horietako batez besteko egonaldia 7,30 egunekoa izan da, Gipuzkoan 5,68 egunekoa eta Bizkaian, berriz, 2,31 egunekoa.
Plazen arabera, Euskal AEko okupazio-maila % 35,7ra iritsi da azken hilabetean, eta, beraz, 2022ko urrikoa baino 1,7 portzentaje-puntu txikiagoa izan da. Apartamentuen arabera, berriz, okupazio-mailak 6,0 portzentaje-puntuko jaitsiera izan du, eta % 62,8ra iritsi da.
Euskal AEko aterpetxe turistikoei dagokienez, 2023ko urrian sarrerek % 5,6ko jaitsiera izan dute urtetik urtera. Guztira, 20.165 sarrera eta 35.946 ostatu-gau izan dira. Bizkaian, 21.219 ostatu-gau erregistratu dira, Gipuzkoan 13.387 eta Araban 1.339.
Aterpetxe turistiko horietan, batez besteko egonaldia 1,78 egunekoa izan da Euskal AEn. Plazen araberako okupazio-mailak 0,2 portzentaje-puntuko jaitsiera izan du urtetik urtera, eta % 36,2ra iritsi da.