Akordioak 700.000 euro izango ditu, eta horrekin 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak lortu nahi dituzten Ertzaintzako agenteak euskaldundu ahal izango dira. Euskal Poliziako Oinarrizko Eskalako Agente Kategorian Sartzeko Ikastaroko ikasleek ere izango dituzte euskara eskolak formakuntza-aldian.

Hala, Gobernu Kontseiluak baimendu du Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren eta HABE – Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen arteko akordioa, Ertzaintzako agenteen eta Euskal Poliziako Oinarrizko Eskalako Agente Kategorian Sartzeko Ikastaroko ikasleen hizkuntza-gaikuntza euskara eskolen bidez indartzeko eta optimizatzeko.  

HABE arduratuko da agenteen plantilla euskalduntzeko prozesuan aurrera egiten jarraitzeko aukera emango duten ikastaro horiek antolatzeko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuak kudeatzeaz. Agenteak euskalduntzea Segurtasun Sailaren lehentasunezko helburuetako bat da, gizartearekin harremanak euskaraz izango dituen euskal polizia izateko eskaerari erantzuteko.

Ertzaintzaren kasuan, HABE arduratuko da Ertzaintzako 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak lortzeko gaikuntzako programak planifikatu eta gauzatzeaz, eta Arkauteko, Erandioko eta Oiartzungo egoitzetan egingo du.  Eta, beste alde batetik, Euskal Poliziako ikasle izangaien prestakuntzaz ere arduratuko da Arkauteko prestakuntza-aldian euskara eskolak emanez.  

Akademiak 700.000 euro bideratuko ditu proiektu horretara 2023an, eta akordioa urtero luzatu ahal izango da, bi aldeak ados jarrita, gehienez ere 4 urtez.