Santa Barbara plazan egingo du Gasteizeko geldialdia bihar, ostiralean, Asteklima Azokak. Euskadiko bederatzi udalerri igaroko dituen azoka ibiltari honek laugarren edizioa bete du eta haren arretagune nagusia da mobilizaziorako tokiko ekintza eta herritarren agendan klima-aldaketa eta energia-trantsizioa kokatzea. Horrek guztiak premisa bat izango du: ekintza orok, txikia izanda ere, garrantzia du.
Asteklima eragile mota guztien partaidetzari zabalik dagoen ekimena da eta horren helburua da “herritarren artean beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruko kontzientzia eta mobilizazioa bultzatzea”, Gasteizko Ingurumenaren zinegotziak, Borja Rodríguezek, adierazi duenez.
Gasteiztarren artean helburu hori lortzeko, Asteklimak karpa batzuk jarriko ditu 16:00ak eta 20:00ak artean. Horietan, dinamika ludikoaren bidez, hainbat gai jorratuko dituzte: klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumoa, Urban Klima proiektua eta nola bateratu konpromiso soziala gizarteko gainerako erronkekin.
Karpa bakoitzak eguneroko bizitzako hainbat alderdiren eta horiek klima-aldaketan duten eraginaren inguruan sentsibilizatzeko jolasak izango ditu. Haietako batzuek, gainera, esku-hartzearen garrantziaren inguruko mezu soil eta argiak dituzte.
Karpa horietako bakoitzean, Gasteizi buruzko informazio adierazgarria eta “hiria Hiri Adimendun eta Klimaren aldetik Neutroen Europako Misioko kide bihurtzera eta 2030ean karbonoan neutroa den udalerri bihurtzera, eta Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Misioan parte hartzera” eraman duten konpromisoak pertsonalizatu ahal izateko espazioa egongo da” Borja Rodríguezek azaldu duenez.
Azken helburua da pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea eta ekintzaren bat aurrera eramatera konprometitzea. Hori betetzea errazteko, hurrengo 21 egunetan pertsonari ohitura-aldaketetan laguntza emango dion aplikazio mugikor (App) bat garatu da. App horrek biltzen dituen edukien eta konpromisoa hartzeko keinuen diseinua egiteko, Ihoberen argitalpen hau hartu da oinarritzat: 52 keinu aldaketa klimatikoaren aurka.
Asteklima Azoka IHOBEk, Udalsarea 2030ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima proiektuak bultzatu dute. Gasteizera iritsi aurretik, kontzientziazio-lan horiek beste toki batzuetan ere egin ditu: Bilbon, Bakion eta Irunen. Arabako hiriburua bisitatu ondoren, bere ibilbidearekin aurrera jarraituko du Donostian, Zarautzen edo Bermeon.