- Koronabirusak hobetu egin du arabarren eta euskaldunen tolerantzia immigrazioari dagokionez. Hori islatzen du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako txostenak.

Zehazki, atzerriko biztanleriarekiko pertzepzio eta jarrerei buruzko barometroak erakusten du osasun-krisiaren testuinguruan bertako populazioaren tolerantzia-indizea hobetu egin dela: “Covid-19ak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta psikosozialaren aurrean, euskal gizarteak jarrera toleranteagoa erakutsi du”, azaldu dute 80. Begirada txostenean.Tolerantzia-indizeaz gain, covid-19a dela-eta, barometroak alderdi jakin batzuekiko jarrerak ere neurtu ditu. Alderdi horietako bat da osasun zerbitzuak baliatzeko aukera, hain zuzen.Horri dagokionez, euskal gizarte ia osoak (%91,0k) uste du egoera larrienean dauden pertsonei eman behar zaiela lehentasuna, horien jatorria edozein dela ere. %5,7k uste du bertako pertsonak lehenetsi behar direla, eta %2,3ren iritziz, arauzko egoeran dauden atzerritar jatorriko pertsonei soilik eman behar zaie arreta.

Bestalde, osasun-zerbitzuez gain, pandemiaren ondorioz abian jarritako aparteko diru-laguntzei eta gizarte laguntzei buruz ere galdetu zen barometroan eta bildutako datuek herritarren “tolerantzia” hori erakusten jarraitzen dute: “Hiru pertsonatik bi (%65,0) ados dago jende guztiak, haien jatorria edozein dela ere, birusaren ondorio ekonomikoak eta sozialak arintzeko abian jarri diren laguntzak eskuratu ahal izatearekin”, esan eta gaineratu dute: “Bestalde, %16,7k uste du bertako pertsonei lehentasuna eman behar zaiela, eta % 16,3 ados dago laguntza horiek beren administrazio-egoera arautu duten atzerritar jatorriko pertsona guztiei zabaltzearekin”.

Azkenik, Ikuspegitik hauxe ondorioztatu dute ildo beretik jarraituz: “Covid-19aren krisian, Europako zenbait herrialdek arauz kanpoko egoeran zeuden atzerritar jatorriko pertsonen ezohiko erregularizaziora jo zuten, lanpostuak premiaz bete ahal izateko. Euskal gizarteari dagokionez, gehienak horrelako neurrien alde daude (%72,7). %10,5i ez zaio axola, eta beste %9,9 horrelako neurrien aurka agertu da”.

“%16,7k uste du bertako pertsonei lehentasuna eman behar zaiela”

“Krisi honen aurrean, euskal gizarteak jarrera toleranteagoa erakutsi du”