- Gizarte ekimeneko euskaltegiek egindako aldarrikapen historikoari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak 10 milio euro inbertituko ditu datozen lau urteetan irakasleen lan baldintzak hobetze aldera. Horrela, euskaltegi pribatuen urteko soldata 25.000 eurokoa izanik ia 34.000 eurotara igo nahi da lau ikasturteren buruan, hau da, %36 gehiago. Era berean, eskola orduak 1.000 ordutik 809 ordura jaitsi nahi dira gradualki, hau da, ia %26,5 gutxiago. Modu honetara, euskaltegi pribatuetetan diharduten 1.300 irakasle ingururen baldintzak sare publikoko irakasleenekin berdindu nahi dira. Helburu nagusia helduen euskalduntzean jardutea erakargarriago egitea da.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkun-tza Politika sailburuak atzo aurkeztutako neurria agintaldi honetarako konpromisoen artean dago. Bere esanetan, gizarte ekimeneko euskaltegietan diharduten irakasleen lan baldintzak hobetzea da datorren urteotan dauden erronkei eusteko “modu bakarra”. Izan ere, euskaltegi pribatuen ordezkaritzan Laida Begiristainek argitu zuenez, “datozen 10-15 urteetan irakasleen erdiak baino gehiago ordezkatu beharko” dituzte. Hortaz, Zupiriaren arabera, “garrantzitsua da helduen euskalduntze sistema egonkortzea eta berpiztea” . Azken helburua euskaldundu nahi diren pertsonei eskaintzen zaien zerbitzua eta kalitatea hobetzea dela argitu zuen.
Prentsaurrekoan adierazi zutenez, azken urteetan nabarmena izan da helduen euskalduntzean lan egiten duten irakasleen kopuruaren jaitsiera. Batez ere azken ikasturtean, 10 irakasletik batek utzi egin baitu helduen euskalduntzea. Halaber, irakasle gazteak helduen euskaldun-tzean barneratzen ez direla agertu zuten. Arrazoiak bat baino gehiago dira, baina batik bat euskaltegi pribatuetako irakasleek udal euskaltegietako irakasleekin alderatuz lan baldintza eskasagoak dituztelako da. Izan ere, bi sareetako irakasleen arteko soldata aldea ia %40koa da eta irakasleek ematen dituzten eskola-orduetan ere aldea nabarmena da: pribatuetakoak 1.000 ordu dituzte, eta, publikoetan, 735 ordu.
Adierazi zutenez, laguntzak HABEk bideratuko ditu bi deialdi ezberdinetan. Lehena urte honetan eskatu beharko da 2021-2022 ikasturterako. Hurrengoa 2022an gauzatuko da eta 2024-2025 ikastutera arte daudenak hartuko ditu bere baitan. “Helburua 2024-2025 ikasturterako euskaltegi pribatuetako irakaskuntzaren finan-tziazio publikoa %70era iristea da”, adierazi zuen Zupiriak. Gainera, agintaldiko beste helburuetako bat bete-tzeko lanean jarraitzen dutela argitu zuen: euskaltegietan B2ra bitarteko doakotasuna burutzea eta C1era bitartekoa, 30 urtetik beherakoentzat. “Horretarako aurrekontu hauetan dirulaguntzak mantenduko ditugu eta datozen ekitaldietan handitu egin beharko ditugu”, azaldu zuen.
Nahiz eta azken urtean euskaltegietako matrikulazioa %13a jaitsi den, “espero zena baino gutxiago” izan dela azaldu zuen. Horregatik, egindako esfortzua goraipatu zuen. “Gure euskararekiko konpromiso militantea eta profesionalizazioa elkarrekin egon dira beti, eta halexe erakutsi eta frogatu dugu gure etengabeko eguneratze didaktikoarekin”, agertu zuen Begiristainek. Hala ere, aurretik, hainbat erronka dituztela gogoratu zuen Isabel Isazelaiak, euskaltegi pribatuetako beste ordezkari batek. Euretako bat doakotasunarena da: “Gure ikasleek udal euskaltegietan baino %100 gehiago ordaindu behar dute, bikoi-tza”. Eta beste bat azken urteetan alboratu dituzten hobekuntzei ekitea da; hala nola, lokaletan, teknologian edota didaktikan.