donostia - Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko alkateek atzo publikoki egin zuten bat Euskaraldia egitasmoarekin: Euskal Herrian populazio gehien duten udalerriek hartuko dute parte, besteak beste hegoaldeko lau hiriburuek.

Eneko Goiak, Juan Mari Aburtok, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek azpimarratu zuten hiriburuek euskararen sustapenean duten garrantzia. Haien esanetan “hiriburuek gune eroso eta abegikorrak izan behar dute euskararen erabilera bultzatzeko bidean”.

Bide horretan Euskaraldia bezala ko ekimenak ezinbestekoak direla ziurtatu zuten lau alkateek eta abian jartzeko falta diren bost hilabete hauetan arrakastatsua izan dadin eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela adierazi zuten.

350 udalerrik hartuko dute parte egitasmo honetan eta irailan irekiko da herritarrentzat izena emateko epea. Bitartean, herrietan hainbat lantalde osatu dira ahobizi eta belarripresten arteko harremana arrakastatsua izan dadin.

Atzo Donostiako Miramar jauregian egin zen ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Bingen Zupiria; Hizkuntza Politikako sailburuordea, Miren Dobaran; eta Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Elena Laka izan zituzten lagun lau alkateek.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da abian Euskaraldia. Bere koordinatzaileak, Arrate Illarok, adierazi zuenez, helburua hamaika egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea litzateke eta “ 12. egunetik aurrera” eragina mantetzea.

donostia - Donostiako alkateak bere “poza” adierazi zuen euskarak berriro lau alkateak batu zituelako. “Donostia Euskararen Hiria da, aspaldi eman zitzaion izendapen hori eta berresteko moduan gaude”, esan zuen Goiak. Gipuzkoako hiriburuan euskararen ezaguera bermatuta dagoen unean, erronka erabileran dagoela nabarmendu zuen Goiak. Egun, Donostiako populazioaren %46 euskalduna da baina badago egitekorik hizkuntza “esparru guztietara eramateko, bizitzaren harreman-sare guztietara”.

donostia - “Bilbon buru- belarri ari gara euskara sustatzeko planak bultzatzen”, azpimarratu zuen hiriko alkateak, Juan Mari Aburtok. Bide horretan hiru lirateke helburu estrategiko nagusiak: “Euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkun- tzaren kalitatea”. “Leku guztietan lehenengo hitza euskaraz egin behar dugu”. Hau izan zen Aburtok adierazi zuen nahia. Bilboko alkatearen ustetan, “euskarak esparru guztiak irabazi behar ditu”. “Bilbok euskara behar du, eta euskarak Bilbo behar du”, esan zuen Aburtok bukatzeko.

donostia - Alde handia izan da euskararen ezagueran Gasteizen azkeneko urteetan eta egoera honen lekukotza eman zuen atzo hiriko alkateak, Gorka Urtaranek. Urtaranek gogorazi zuenez, 1981an euskaldunen presentzia hirian %3koa zen eta 2016an %27ra iritsi zen. Erronka nagusia, Gasteizi dagokionez, “euskara kalean erabiltzea da” . “Euskara babesteko eta maitatzeko egin dezakegun gauzarik onena erabiltzea da”, azpimarratu zuen. “Gasteizen hori egiten ari gara eremu publikoan eta pribatuan ere”, amaitu zuen.

donostia - “Euskara Iruñearen parte izan da bere sorreratik eta XXI. mendeak itxaropentsu begiratzen dio euskararen etorkizunari Iruñean”. Hitz hauekin nabarmen utzi zuen Joseba Asironek Iruñeko Udalak Euskaraldiaren alde egiten ari den apustuaren funtsa. “Udala hiriaren bi hizkuntza ofizialen elkarbizitza osasun- tsua bermatzeko neurriak hartzen ari da”, ziurtatatu zuen Asironek. Iruñeak euskararen historian izan duen garran-tziaz aritu zen behin eta berriroAsironek atzo Donostian.