GASTEIZ- Mintzalagun izateko euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea, bi baldintza horiek, bete behar dira. Gero eta jende gehiago ari da bihurtzen berbalagun, solaslagun, mintzakide edo mintzalagun, eskatzen duena baino askoz gehiago ematen duelako esperientzia honek. Astero ordubete. Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar: 6.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute (1.200 bidelagunak dira). Leire Lardizabalek, Euskaltzaleen Topagunetik, adierazi du gaur egun 1.075 talde daudela martxan eta astero 120 herritan elkartzen direla elkarrekin euskaraz egiteko. Araban, adibidez, 1.000 mintzalagun inguru daude, gehienak hiriburuan elkartzen dira.
Irailaren 21ean abiatu zuten 2017-2018 ikasturteko Mintzapraktika programen kanpaina. Gasteizko Gorbea Bodegoian Mintzapraktika saio bat egin zuten. Datozen asteetan aukera izango da ikasturte honetako programetan izena emateko.
Batak besteari emanez, mintzalagunek herriz herri egiten duten lanari esker, euskal hiztunak ugaritzen ari dira, harreman-sare berriak sor-tzen eta euskaraz aritzeko gune berriak irabazten.
erabilera Euskal herritarren %28 gai dira euskaraz aritzeko. Erabilera, berriz, orain 25 urteko berbera omen da. Euskararen aldeko jarrera zabaltzen ari da pixkanaka. Ildo horretatik jarraituz, mintzapraktika programen garapena oso adierazgarria izan da azken urteotan Euskal Herri osoan, non 6.000 min-tzalagun inguru dauden. Gasteizen, adibidez, Mintzalaguna martxan jarri zenetik parte-hartzaileen kopurua bikoiztu egin da. Baina, zer da mintzalaguna? Giro informal eta lasai batean euskaraz hitz egiteko gunerik aproposenak dira mintzalagun taldeak. Kide gehienek euskara praktikatzeko beharra dutelako ematen dute izena mintzalagun taldeetan, eta parte-hartzaileek azaltzen dutenez, “hitz egiteko lotsa galtzen dute, segurtasuna lortzen dute eta konfiantzazko giroan soltura edo jariotasuna irabazten dute”.
Euskaltzaleen Topagunetik adierazi dute batzuk euskaraz gehiago hitz egin nahi dutela, horregatik ematen dute izena. Edo ikasitakoa ez galtzeko; hobetzeko. Euskaraz bizi-tzeko nahia eta inguruan jende euskaldun gehiago izateko nahia izaten dira, azken finean, denen jomuga. Bidelariek eta bidelagunek (euskaraz ikasten dabiltzanei lagun-tzen aritzen direnak) euskararen ezagutzatik erabilerara egiten dute salto elkarri lagunduz, adiskide giroan, berriketan, hizketan, kalakan. Gertuko mintzoaz aktibatzen dute euskararen aldeko jarrera.
harreman afektiboa Egin berri den inkesta baten arabera, bidelagunen %81ak euskararen normalizazioan modu aktiboan laguntzeko asmoz hartzen du parte Mintzapraktika programetan. Bidelari gehienak, %84,2, eroso sentitzen dira Mintzapraktika egitasmoetan eta %61,2 ilusioz.
Horren arrazoi nagusietako bat da bidelarien eta bidelagunen artean sortzen den harreman afektiboa. Bidelariek bidelagunen eskutik galtzen dute lotsa eta, konfiantza hartzen duten heinean, gaitasunak lortzen dituzte. Mintzapraktikan parte hartu duten gehienek errepikatu egin dute.