Athletic Clubek eta SD Eibarrek akordioa lortu dute Javi Marton aurrelari nafarra armaginen taldean joka dezan. Futbolariaren banako zein taldeko arrakastek eragindako diru sarrerez gain, etorkizuneko salmenta baten, lehentasunez erosteko eskubidearen eta berrerosteko aukera baten aldagai ekonomikoak gorde ditu talde zuri-gorriak.

Athleticek jakinarazi duenez, 26 urteko aurrelariak Albacete Balompie taldean utzita jokatu zuen aurreko denboraldian txapelketaren bigarren zatian. Bilbon egin zuen lehen denboraldian CD Mirandesera atera zen utzita.

Bada, lau partida ofizial jokatuta eta gol bat eginda utziko du Athletic, Europe League txapelketan San Mamesen Viktoria Plzenen aurkako garaipenean lortutakoa, alegia.

Talde zuri-gorriak eskerrak eman dizkio jokalariari Lezaman egindako ibilbide osoan erakutsitako konpromiso eta arduragatik, eta zorterik onena opa dio etorkizun pertsonalean zein profesionalean.

BESTE ALBISTE BATZUK

Bilboko Aste Nagusiko Metal eta Pop Rock Erakustaldiaren 38. edizioak itxi du egitaraua eta 16 talderen kontzertuak eskainiko ditu Bilborock aretoan eszenatokira abuztuaren 16tik 23ra. Zortzi kontzertu bikoitz izango dira, estilo, genero eta soinu anitzetan inspiratutako talde eta artistekin.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, abuztuaren 16an, Elektrika (Barakaldo, punk rock alternatibo) eta Jardín Infierno (Bilbo, hard rock) ariko dira; 17an, Lur Jota (Bilbo, rock) eta Deiedra Rebel Folk (Santurtzi, euskal folk); 18an, Lova Lois (Astrabudua, rap) eta Maialen Ibarra (Basauri, pop rock); 19an, Flor y Trol (Bilbo/Gazteiz, pop&troll) eta The Daltonics (Bilbo, pub rock garaje).

Era berean, abuztuaren 20an, Meridian (Basauri/Bilbo, rock alternatibo) eta Clara Corral & The Cute Canallas (Bilbo, pop rock) izango dira Bilborocken; 21ean, Samoah (Getxo, poprock alternatibo eta Reeler (Bilbo, indie rock alternatibo); 22an, Withredd (Bilbo, metal progresibo aklternatibo) eta Ms. Missery (Portugalete, rock metal alternatibo); 23an, Malamuth (Leioa, rock metak altenatibo) eta Kernhell (Bilbo, heavy metal).