BILBO. Research Fellow programak eginkizun bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean diharduten ikertzaileak erakartzea, karrerako uneren batean kanpora joan behar izan zuten bertako zientzialariak barne, eta bestetik, Euskadin lanean ari diren ikertzaileei ibilbide profesionala sendotzeko aukerak eskaintzea.
Aukeratutako 15 ikertzaileak Amerikako Estatu Batuetako (AEB) eta Europako maila goreneko erakunde zientifikoetatik helduko dira, hala nola MIT, Oxford edo AMax Plank Institute erakundeetatik, edota Nanogune, Polymat edo Neiker Tecnalia bezalako Euskadiko puntako ikerketa zentroetatik.
Ebaluazio Batzordea Euskal Zientziaren sitematik apartekoa izan da eta 24 herrialdetako 160 ikertzailek osatu dute. Koordinazioa hurrengo sei ikertzaile hauen esku egon da: Francisco Guinea (Fisika), Domingo Docampo (Matematika), Gines Morata (Biologia), Margarita Diaz Andreu (Giza eta Gizarte zientziak), Luis Antonio Oro (Kimika) eta Manel Esteller (Medikuntza eta Bizitzaren zientziak).
ILDOAK ETA PROIEKTUAK
Ikerbasque Research Fellow deialdiaren promozio berriak ikerketa ildo ugari biltzen ditu. Aukeratutako pertsonen %66k Zientzia Esperimentaletan lan egingo du, %13k Medikuntza eta Bizitza Zientzietan, beste horrenbestek Ingeniaritza eta Zientzia Teknikoetan eta %8 Giza eta Gizarte Zientzietan.
Ikerketa proiektuak asko eta era askotakoak dira, eta horien artean nabarmen dira istripu zerebrobaskularraren eta esklerosi anizkoitzaren fisiopatologiari buruzko ikerketa, polimeroen sintesia, irudi molekularreko metodo aurreratuen inplementazioa GIB bidezko infekzioaren immunitate intrintsekoa identifikatzeko, algoritmoen ikerketa, konputazio eta optika kuantikoa, populazio osasuntsuaren nahiz Parkinsonen gaixotasuna diagnostikatua duenaren kontrol kognitiboa eta lan memoria, edota klima aldaketa eta lurraren erabileren gainean dituen eraginak.
Aukeratutako 15 pertsonen profila da 36 urteko europarra, doktorego ondoko zazpi urteko ikerketa esperientzia duena, eta Europa ikerketa zentroren batetik heldutakoa. Aukeratutako 15 pertsonatik bost emakumezkoak dira. Research Fellow berrien %66k nazionalitate espainiarra du, eta haiekin batera, italiar bat, holandar bat, suediar bat, portugaldar bat eta Hegoaldeko Koreako ikertzaile bat daude.
Ikerbasqueko Research Fellow berriak UPV/EHUn eta DIPC, Tecnalia, Achucarro, Polymat, BioCruces, IZK biomaGUNE, BCAM, BCBL, MPC, IZK nanoGUNE, BC3, Biofisika Institutua eta AZTI-Tecnalia ikerketa zentroetan egongo dira lanean.
Ikerketa arloko behin betiko lanpostuak betetzeko deialdiari dagokionez -15 urtetik gorako ikerketa esperientzia duten Research Professors deritzenak-, 2016ko deialdiak hamar lanpostu berri eskaintzen ditu. Eskaerak aurkezteko epea irailare 15era arte zabalik dago.