NAFARROA. Unibertsitateen G-9 Taldearen IV. Doktoretza Jardunaldiak egingo dira martxoaren 9, 10 eta 11n Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta unibertsitateko azken zikloko ia ehun pertsonak parte hartzea espero da.

Topaketaren helburua da doktore gradua balioestea gizartearen aurrean, eta, batez ere, enpresa ingurunearen aurrean.Jardunaldiak Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean egingo dira, eta Nafarroako Doktoretza Eskolak antolatu ditu (EDONA). Xedea dute doktoregaiek elkar ezagutzeko erraztasunak ematea, beren ikerketa jarduera zabaltzea, berariei unibertsitateko ikerketa karrera garatzeaz gain egon litezkeen beste aukera profesional batzuk eskaintzea eta doktoregaiek enpresentzako berrikuntzaren ikur gisa duten papera nabarmentzea.

Gehienez ere G-9 Taldeko unibertsitate bakoitzeko hamar doktoregaiek parte hartuko dute topaketa honetan. Bi doktoregai izango dira jakintza adar bakoitzeko (Arteak eta Giza Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Ingeniaritza eta Arkitektura), eta aurretiaz aukeratuko dituzte unibertsitate hauetako bakoitzean.Zenbait saiok osatzen dute programa, eta hitzaldietan, mahai-inguruetan eta lantegietan parte hartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek saio horietan. Topaketan aztergai izango dituzten gaien artean aipatzekoak dira esaterako ikertzaileen prestakuntzaren erronkak, doktoreen enplegua eta komunikazioa hobetzea tesia epaimahaiaren aurrean defendatzen dutenean.

Halaber, programaren barruan dago “Zientzia tabernan” Zientziaren Adiskideen Klubaren ekimenaren saio batean parte hartzea. Joaquín Sevilla Moróder Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea eta Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioaren koordinatzailea dira jarduera honen sustatzaileak. Jarduerak kontzeptu zientifikoak azaltzeko esperimentuak eskaintzen ditu, eta Iruñeko iD Punto Cero tabernan egiten da.

Beren tesien aurkezpena

Beren ikerketaren aurrerapena jardunaldietako parte-hartzaileei eta oro har gizarteari ezagutarazteko asmoarekin, egiten ari diren tesiaren edukiak azaltzeko poster bat aurkeztuko dute doktoregai guztiek. Antolakuntzak sari hauek emango ditu jakintza adar bakoitzeko: epaimahaiak aukeratutako poster hoberena (diploma eta 200 euro) eta akzesita; eta doktoregai parte-hartzaileek aukeratutako poster hoberena (diploma eta 200 euro) eta akzesita.Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta bere kideak unibertsitate publiko bakarrak dira dagozkien autonomia erkidegoetan. Hauek dira: Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Illes Balears, Errioxa, Oviedo, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza.

Elkartearen xedea da taldeko unibertsitateen arteko harremanak sustatzea, hainbat gauzaren artean, beren unibertsitateko komunitateek lankidetzan jarduteko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan.