BILBO. Programa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Espainiako Matematiken Errege Akademiak antolatu dute elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin.
Zikloaren helburu nagusia matematikek eguneroko bizitzan duten presentziaz kontzientzia piztea da: mugikorrarekin egiten dugun deian, kamera digitala erabiltzean, kutxazain automatiko batetik dirua ateratzean, Interneten sartzean eta abar.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saioak Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta ikus-entzule guztiei egongo dira zuzenduta, gazteei, gurasoei, irakasleei, "eta baita matematikak gorrotatzen dituztenei ere".
"THE SIMPSONS"
Lehenengo hitzaldia "El misterio de las matemáticas de los Simpson" izango da, datorren ostegunean, apirilaren 16an, Marta Martín Oviedoko Unibertsitateko irakaslearekin. "The Simpsons" marrazki bizidunen telesaio ezagunaren bitartez matematikak guztion eguneroko bizitzan daudela erakutsiko du Martín irakasleak.
Hurrengo saioa apirilaren 23an izango da, "Si acertaran siempre las previsiones del tiempo, los aviones no podrían volar (Impacto de la matemática no lineal en la vida cotidiana)" izenburuko hitzaldiarekin.
Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko Goran Stipcich izango da hizlaria, eta fluidoen dinamikaren ikuspegia azalduko du, hau da, biziaren oinarri den airearen eta likidoen mugimenduarena. Horrez gain, dinamika horrek dituen zalantzei aurre egiteko ditugun tresna matematikoei buruz ere hitz egingo da.
Hitzaldi zikloa apirilaren 30ean bukatuko da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea den Marco Castrillónen "Matemáticas en color" hitzaldiarekin.
Gizakion begiak koloreak ikusteko duen prozedurak alderdi konplexu asko eskatzen ditu, biologia, fisika, kimika eta matematikak, eta egileak, bi tonalitate antzekoak diren ala ez bezalako eztabaida subjektiboez gain, gai horiek modu errazean lantzeko tresna matematikoak eskainiko dizkie bertaratutakoei.