DONOSTIA. Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 2013 artean Euskadin izandako tortura kasuen ikerketa egitea agindu zion 2014ko martxoan Francisco Etxeberria auzitegi medikuari eta berak gidatzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kriminologiako Euskal Institutuko taldeari eta, ikerketaren lehen hilabeteetan, 3.587 salaketarekin osatutako lehen errolda egin da.
Donostian egindako prentsaurrekoan Paco Etxeberria bera eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia izan dira. Ikerketaren helburua torturak azken 50 urteetan Euskadin izan duen benetako eraginaren berri ematea dela azaldu dute, bai eta aintzatespena, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehaztea ere.
Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren seigarren ekimena da ikerketa hau, planak berak zehaztutako hiru konpromiso handietako lehenaren barruan: iragana argitzea.
Ikerlana 2016ko irailean osatzea espero da. Ordura arte, lanak hiru fasetan egingo dira, bost azterlan osagarri barne hartuz. Lehen fasean (6-8 hilabete artean), salaketak zenbatetsi dira, tratu txarren eta torturen prebalentziari buruzko informazio agiri erabilgarrien azterlanaren txostena eginez eta hainbat iturriko informazioa aztertuz, errolda osatzeko.
Bigarren fasea (9-12 hilabete artean) egiaztapena izango da, eta horretarako 200 kasu adierazgarri ikertuko dira, eta 40 kasu enblematikoren azterketa kualitatibo, narratibo eta berariazkoa egingo da. Hirugarren fasean (3-5 hilabete artean), amaierako txostena osatuko da, ondorioak eta gomendioak adierazita.
Horrela, Paco Etxeberriak eta bere taldeak ostiral honetan eman dio Jonan Fernandezi ikerketaren lehen zatiari dagokion txostena, 2014ko martxoaren eta abenduaren artean egindakoa. Lan horien emaitza zehatza banako datu basea edo errolda osatu ahal izatea da, salaketak zenbatzeko balio du eta, baina horien egiazkotasuna egiaztatzeari ekin ez zaionez, ezin dira behin betiko datutzat hartu.
Modu honetan, 3.587 kasu salatu dira, eta horietatik 2.820 kasu aztertu dira orain arte: 2.394 gizonei dagozkie, eta 426 emakumeei.
1.319 Polizia Nazionalaren aurkakoak dira, 1.174 Guardia Zibilaren aurkakoak, eta 271 Ertzaintzaren aurkakoak. 914 kasu 1980ko hamarkadan gertatu ziren; 687, 1990ekoan; 540, 2000koan; eta 474, 1970ekoan. Kasu horietan guztietan, oraingoz, 1.183 kaltetuk berretsi dute torturen edo tratu txarren ondoriozko salaketa.
LEHEN FASEKO LANAK
Ikerketaren fase honetan egin diren lanen artean, informazio erabilgarria bildu eta aztertu da, 140 txostenen bitartez, bertako zein atzerriko erakundeenak: Amnesty International, Europako Kontseiluaren Tortura Prebenitzeko Batzorde, NBEko Errelatore, NBEren Torturaren aurkako Batzorde, Europako Giza Eskubideen Auzitegi, Ararteko eta Eusko Jaurlaritzarenak. 20 epai irmo ere aztertu dira (31 biktima eta 49 zigortu).
Halaber, hainbat iturri kontsultatu eta egiaztatu dira fase honetan, hala nola herritarren elkarteei (giza eskubideen arlokoak, memoria historikokoak eta abar), abokatuei, fiskaltzari, medikuei, polizia arloari eta arlo judizialari egin zaizkio kontsultak. Gainera, salatutako kasuak kaltetuekin berresteko prozesuari eta lekukotza zuzenak jasotzeko prozesuari ekin zaie, eta kasuen fidagarritasuna ikertzeko Peritu Protokoloa ezarri da.
"Ikerlan honekin, giza eskubideen arloko nazioarteko erakundeek torturaren inguruan egin izan dituzten agindu eta gomendiak betetzera dator Eusko Jaurlaritza. Giza eskubide guztiekin duen konpromiso etiko eta demokratiko tinkoa ere betetzen du, eta Bake eta Bizikidetza Planaren oinarrizko ardatzetako batekin bat dator: iragana argitzea", esan du Fernandezek.
Helburu horrekin agindu zion 2014ko martxoan Eusko Jaurlaritzak ikerketa Paco Etxeberriak koordinatutako talde profesionalari. Benito Morentín (doktorea Medikuntzan, espezialista lege eta auzitegi medikuntzan, auzitegi mediku titularra), Carlos Martín Beristain (doktorea Medikuntza, espezialista Osasunaren Psikologian) eta Laura Pego (Zuzenbide lizentziaduna, espezialista Kriminologian eta KEIko ikertzailea) dira talde horretako kideak.
Ekainaren 28an aurkeztu zen ikerketa proiektuaren diseinua eta metodologia, eta Eusko Legebiltzarrera bidali zen, bai eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordera (CPT) ere. Lehen zatiaren ondoriook ere Eusko Legebiltzarrera eta CPTra bidali dira.