BILBO. Mondragon Unibertsitateak eta Baltistan Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute gaur, otsailaren 3an, datozen sei hilabeteetan "Erronka proiektua" izeneko ekimena gauzatzeko, Pakistango Hushe Bailarako 100 neskato zortzi ikastetxetan eskolatzeko helburuarekin.

Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak eta José Manuel Ruiz Baltistán Fundazioko lehendakariak sinatu dute hitzarmena Bilbon, Baltistán Fundazioaren sortzaileetako bat den Alberto Iñurrategi ere aurrean zela.

Horrela, Fundazioak Baltistán eskualdean haurrak eskolatzeko egiten duen lana bultzatuko du unibertsitateak aurrerantzean. Izan ere, Pakistango goi mendietan dagoen Hushe Bailaran eskolatzea zaila ez ezik arriskutsua ere bada, are gehiago neskatoa izanez gero. Halere, Fundazioak bailarako neska-mutilak berdintasunean kalitatezko eskola batera joateko aukera izan dezaten lanean jarraituko du.

Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitateak 6.300 euro emango dizkio Baltistan Fundazioari, Hushe Bailarako 100 neskatorentzako bekak banatu eta eskualdeko zortzi eskolatako bi hezitzaile prestatzeko. Fundazioak Baltistan eskualdeko zortzi eskolatan 900 neska-mutiko eskolatzeko ekimenean kokatzen da proiektua.

Baltistan Fundazioaren lana ezagutzera eman eta euskal gizartea neska-mutiko horien beharrizanez jabearazteko asmoz, Mondragon Unibertsitateak, bere ikasle eta irakasleez haratago, euskal gazteria osoari eman nahi dio proiektuaren berri. Horregatik, edozein pertsonak argazki bat egin eta Instagramera igotzen duen bakoitzean (hashtag-ak: #erronkaprest/) "Erronka proiektuak" urrats bat emango du. Baldintza bakarra dago: argazkian Mondragon Unibertsitatearen logotipoa ikustea. Gainera, partaide bakoitzak nahi beste argazki igo ahal izango ditu.

FELIX IÑURRATEGI

Pakistango 8.035 metroko Gasherbrum II mendiaren gailurretik jaisten ari zela hil zen Felix Iñurrategi mendizalea omendu nahi du proiektuak. Gauzak horrela, 1.000 argazki biltzea lortzen denean, lehenengo kanpalekura, oinarrizko kanpalekura, iristea lortuko da eta unibertsitateak lehen 12 bekak emango ditu une horretan. "Eta horrela jarraituko dugu 1.000 argazkiko multzo berri bat eskuratzen den bakoitzean", azaldu dute.

8.035 argazki lortzen direnean igoko da gailurra eta orduan egingo da zortzigarren ekarpena: haurrentzako azken 16 bekak eta hezitzaileak trebatzeko beste bi beka. Horrez gain, kanpaleku bakoitzak Baltistan Fundazioak lan egiten duen eskola bakoitzerako ekarpen bat ekarriko du; zehazki, Saling, Machulo, Thalis, Baley Gone, Marzi Gone, Khane, Kande eta Hushe dira eskola horiek.

Felix Baltistán Fundazioa euskal GKEak hamar urte daramatza Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu (FIFBM) elkartearekin batera Pakistango Hushe Bailararen garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzan. Hushe Bailarako komunitateetan pertsonen giza garapena, garapen integrala, endogenoa eta parte-hartzailea sustatzea da asmoa.

Felix Baltistán Fundazioa eta bertako erakundea, Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu (FIFBM), Hushe Bailara osoaren garapen integralaren alde ari dira lanean, alegia, hezkuntza alorrean, nekazaritzan, komunitateak indartu eta euren antolamendua sendotzen, osasun alorrean, azpiegituretan, turismoan eta generoan. Giza eta lanbide prestakuntza da Fundazioaren ardatzetako bat; izan ere, herritarren garapen sozioekonomikoa sustatzeko gakoetako bat ez ezik, bailarako emakumeak ahalduntzeko tresna ere bada hori.