legealdi osoan zehar jarraituriko arrastoan segitzen du Wert ministroak, Espainian, beste egiteko batzuen artean, hezkuntzaren ardura duenak. Oraingoan, unibertsitate-mailako ikasketak hartu ditu jomugan. Aurreko aldaketen ondorioz, tituluak lortu dituztenak unibertsitateetatik atera berritan, aldaketa sostengatzeko ebaluaziorik egin ez duela, helburuak aurresaten ez dituela, inorekin -besteak beste, erabateko eskumena duten Erkidegoekin, eragileekin, unibertsitate-erkidegoarekin- ezer adostu gabe eman du hizpidea.
Hezkuntzan ez dago gauza okerragorik bat-batean gauzak asmatzen ibiltzea edota gutxieneko adostasunak landu eta bilatu gabe bakarlari antzean aritzea baino... horrek ez baitauka irauteko ezinbestekoa den osagairik.
Hezkuntzan maila desberdinetan hartzen diren erabakiak epe ertain eta luzera begira hartzea komeni da, baldin eta bilatzen diren emaitzak lortuko badira. Halakoetarako, ezinbestekoa da zorroztasuna, ebaluazio iraunkorra, eztabaida, iritziak partekatzea eta nahi diren helburuen inguruabarrean adostasun zabalak lortzea... halakorik egin ezik alperreko tentsioa, inora ez garamatzana, eta, giroa ozpintzea eta zakartzea dakarrelako. Zertarako balio du tamaina honetako eztabaida batek epe ertainean, Espainiako Gorteetan den ordezkaritza aldatzeaz batera, hartu diren erabakiak ezerezean uzteko arriskua badago? Alferreko lana da eta, are okerragoa dena, denbora galtzea, hezkuntza sistemak ezinbestekoa duen eraberritzea galgatzen, atzeratzen eta arrakastatsuagoak diren ereduekiko aldea gehitzen duena.
Eraberritzea gertatzeko, Espainiaren gobernagarritasuna helburu-tzat duten alderdiek aldatu egin behar dute hezkuntzarekiko duten ikuspegi murritza, XIX. mendetik hona ia aldatu ez dena, hezkuntza, aniztasuna ezabatzeko eta subjektu nazional homogeneo bat eratzeko makulu gisa ulertzen duena.
Arrakastatsuagoak diren ereduen ezaugarrietako bat da askotariko eragileen esku-hartzea, erabakiak partekatzea, hurreko kudeaketa eta tokiko baldintzetara eta ezaugarrietara moldatzeko gaitasuna. Halakoetan ere badago eredurik. Izan ere, Espainian badira emaitza are hobeak -gizartea egituratzearen, kohesionatzearen zein emai-tza akademikoen ikuspegitik- dituzten Erkidegoak, hobetzeko tartea eduki arren, beste batzuek baino askoz hobeto funtzionatzen dutenak. Aitzitik, Espainiak esperientzia horietatik ez du ikasi nahi eta kontrako noranzkoan ari da erabakiak inposatzen.
Beste horrenbeste ere esan liteke ikasketen eta lan-eremuaren artean egin beharreko zubiak eraikitzeari buruz. Hasteko, lanbide-heziketa ezin har liteke maila goragoko tituluak eskuratu ezin dituztenen, ustez porrot egin dutenen geraleku. Era berean, unibertsitateko tituluak ere ezin bilaka daitezke bestelako lanetan ez gaitzeko iltze. Azken finean gogoeta behar da, aurreiritzirik gabea, ikasketa guztiak bultzatu, aitortu eta baliagarri egingo dituena, sistema eragingarri eta orekatu bat hezurmamitzeko gauza izango dena etorkizunean.