tolosa. Ikastolako zuzendari ohi, irakasle, baina guzti horren gainetik, Laskoraingo ikasleak euskara maitatu eta erabiltzearen arduradun nagusia da Emeterio Zaldibia. Euskaraz bizi kanpaina Tolosara eraman zuen, eta bertako ikasle, ikasle ohi eta langileek atzoko omenaldian gogorarazi zuten bezala, haurrei gometxa berde eta gorriak jartzeko ideia bultzatu zuena izan zen beraien euskararen erabileraren arabera, edota gazteentzat gustatzen zaizkien ekintzak euskaraz antolatzeko burutazioa izan zuena, hauek ere euskara maitatu zezaten.
Akordeoi, dantza eta hitzaldi hunkigarri artean, Emeterio Zaldibiak Laskorain ikastolarengatik egindako lana omendu zen atzo ikastola berriko patioan. Haurrei Argitxo iratxoa ezagutarazi zien, eta euskaraz hitz egiteak onurak ekartzen zizkiela erakutsi zien. Ikastolako gazteek klaseetatik kanpo euskaraz hitz egitearen arduraduna ere bera dela adierazi zuten bere langileek. "Gaur egun, ikastolako ehuneko 95a baina gehiago euskaraz bizi da", datuekin frogatu zuten. Langile guztien gidari ere izan zen beraien ustetan, eta Laskorain kalitatezko euskal eskola bat izatea lortu zuena. Omenduak bere eskerrik beroenak eman zituen, baina ez zuen ahaztu nahi izan oraindik lan handia dagoela egiteko. "Euskaltzaleak maratoilariak gara", azaldu zuen, etengabe euskararen alde lanean aritu behar baita.
Ondoren, Joxan Oiz ikastolako lehendakariak testigua pasa zien Orioko ikastolako ordezkariei. "Kilometroak antolatzea beharra baino gehiago, aukera bat da", adierazi zuen, oriotarrei zortea ona opaz.
Ikasle ohi batzuek eskeinitako dantza erakustaldiarekin eman zitzaion bukaera tolosarrei euskara mundura zabaltzen erakutsi dien pertsonari omenaldia.