senpere. Gipuzkoako Aldundiak Xalbador ikastolarentzat iragarritako 600.000 euroak oso presente egon ziren atzo Herri Urrats festaren 30. edizioaren irekiera ekitaldian. "Eusko Jaurlaritzak euskararekin duen konpromisoa sakona eta tinkoa da", azpimarratu zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak. "Euskara hitz egiten den lurralde guztietan bultzatu behar da euskara, hori baita euskaldunoi lotzen gaituen bakarra", gaineratu zuen Uriartek.

Baina engaiamendu hori hitzetan soilik geratzeko beldurra iragarri zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. "Aurreko urtean Lopezen gobernuak ez zuen hitza bete eta ez dugu hori berriz gertatzea nahi", adierazi zion zuzenean Indok Uriarte Hezkuntza sailburuari.

Prentsaurreko ofizialean euskararekin eta hezkuntzarekin loturiko pertsona ugari bildu ziren. Paxkal Indo eta Cristina Uriarterekin batera, ekitaldi ofizialean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia; Christine Bessonart Senpereko alkatesa; Francois Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendaria; Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen zuzendaria eta Marie Christine Pirinio Atlantikoko ordezkaria egon ziren.

Garitanok Seaskak bultzatzen duen elkarlana eta Seaskarekiko gizarteak zor duen elkartasuna nabarmendu zuen. "Instituziook konprometitu egin behar dugu euskararekin, Gipuzkoak egin du eta besteak hori egitea espero dugu, euskaldun ororen eskubidea da euskaraz ikasteko aukera izatea", azpimarratu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Garitanok botatako mezua zuzenean Eusko Jaurlaritzaren izenean joan zen Uriarte sailburuarentzat izan zen. Uriartek ondoren esandakoan, Jaurlaritzak euskararekin duen konpromisua azpimarratu zuen, 30 urte hauetan egindako lana goraipatuz eta "Seaskaren ondoan egon direla eta egongo direla", gaineratuz.

Euskara Iparraldean bultzatzeko Jaurlaritzak duen asmoa eta engaiamendua nabarmendu arren, Hezkuntza sailburuak administrazio bakoitzak eta herri bakoitzak duen eremu administratiboa "errespetatu" behar dela gaineratu zuen. Bai Martin Garitanok eta bai Cristina Uriartek, Seaskak euskararen alde egiten duen lana goraipatu zuten.

legea beharrezkoa "Iparraldean euskara bermatzeko lege bat behar dugu berehala", esan zuen Indok. Gaur egun euskara Iparraldean ez baitago legearen barruan, eta ez du estatus ofizialik. Aldi berean, ospakizun eta festa eguna izan arren, "ezer ez dagoela oraindik ospatzeko", azpimarratu zuen Seaskako lehendakariak, eta "euskara eta euskal hiztun kopurua behera doazela", azaldu zuen kezkati. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko ikastoletan 3.000 ikasle dabiltza 30 ikastetxetan. Indoren ustez hauek orainarte iraun badute euskaldunon arteko "elkartasunarengatik" izan dela dio. Administrazioetatik trabak besterik ez baitira jarri bere ustetan, eta traba horiek gaur egun jarraitzen dute. Egun gutxi igaro dira Pirinio Atlatikoko prefetak administrazio publikoei Seaskako ikastolei diruz laguntzeko debekua ezarri zuenetik. Prefetaren ustetan administrazio publiko batek ezin baitu diruz lagundu ikastola pribatu bati. Debeku eta traben aurrean euskaldunon elkartasuna goraipatu zuen eta Iparraldeko Lurralde Elkargoaren beharra nabarmendu zuen Indok. Horretarako ekainaren 1ean Iparraldean ospatuko den manifestaldira joateko deia luzatu zuen.

ikastolen balioa Hitz egin zuten guztiek nabarmendu zuten Seaskak urte guzti hauetan egindako lana, eta lan horretan aurrera jarraitzeko laguntza eskaini zuten denek. Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko zuzendariak, ikastola guztien balioa azpimarratu zuen. Bere ustetan, ikastolek ikasleei "non gauden, zer garen eta nondik gatozen erakusten diete, eta beraz, hauek nora joan daitezkeen erabaki ahal izango dute", esan zuen.