Gasteizko Udaleko gobernu bilerak Eraztun Berdean barrena zortzi iturri berri instalatzeko kontratua esleitu du. Iturriak instalatzeko 187.672,08 euroko inbertsioa egingo da, Construcciones Aguillo enpresa arduratuko da lanaz, eta lau hilabeteko epea izango du.
Herritarren parte hartzerako 2023-2025 aldiko Gasteiz Hobetuz programan boto gehien jaso dituzten proposamenak gauzatzeko egutegiaren barruan dago proiektua, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.
Hartara, hirian egiten dituzten ibilbideen barruan Eraztun Berdea aukeratu ohi duten pertsonek freskatzeko eta atseden hartzeko lekuak izango dituzte datorren udan.
Zehazki, Biosferaren ibilbidean Ataria zentroaren ondoan, Barratxi kalea 39an (Gamarra), Zadorra hiribidean (Abetxuku), Zabalganan, Nebera gainean, Jundizko industrialdean (Ariniz) eta Zadorra hiribidea (Gamarrako atea eta Forondako atea) jarriko dira iturri berriak.
Beste datu batzuk
Bestalde, Gasteizko Udalak show cooking saio bat antolatuko du Abastos Merkatuko Sukaldaritza Gelan hilaren 18ko (asteazkena) 11:30ean Gabon-jai hauetako menu jasangarriena egiteko eta “merkatariak, ostalariak eta herritarrak erosketa eta otordu jasangarriak egiteko, elikagaien xahuketa prebenitzeko eta hondakin organikoa behar bezala bereizteko premiari buruz kontzientziatzeko”, Ingurumen Kudeaketako zinegotzi Pascual Borjak adierazi duenez.
Arabako hiriburuko ospe handiko chefak dira Unai Fernández de Retana eta Ainhoa González, eta biak arduratuko dira “Gabon-jaietako egun hauetan sukaldeetan sortzen diren eta egokitutako errezetak prestatuz murriztu daitezkeen janari-soberakinak” ardatz gisa hartuko dituen ekimen hau burutzeaz, garai batean gure aitona-amonek egiten zutenaren bide beretik.