Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak irailean hasiko dituzte Sondikako (Bizkaia) osasun zentroa eraberritzeko eta handitzeko obrak, gaitasun handiagoko instalazio modernoagoak egiteko eta, hala, herritarren beharrei erantzun ahal izateko. 4,3 milioi euro inguruko inbertsioa duen proiektuaren eraikuntza lanen lizitazioa ostegun honetan argitaratu da.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Osasun Sailak eta Sondikako Udalak lursail baten inguruan lortutako akordioari esker burutuko da proiektua. Lursaila Jose Antonio Agirre etorbideko 41 zenbakian dago, udal kiroldegiaren ondoan, eta gaur egun erabiltzen den osasun zentroari atxikita dago.

Egungo osasun zentroa 1993an hasi zen funtzionatzen, eta eraikitako 275 metro koadro eta zortzi kontsulta dauzka. Beraz, ozta-ozta dauka gaitasuna 4.500 pertsona baino gehiagoko egungo biztanleriaren beharrei osasun estaldura emateko. Planifikatutako eraberritzeak eta handitzeak gaitasuna areagotuko du, osasun zentroak Osakidetzak gaur egun udalean ematen dituen baino zerbitzu gehiago hartu ahal izateko.

Hala, egungo eraikinari atxikita egongo den hiru solairuko eraikin berria eraikiko du Osakidetzak. Beheko solairuaren bidez egongo direnez konektatuta, biek ingurunearekin integratuta egongo den bloke asistentzial bakarra osatuko dute. Osasun zentroak 1.328 metro koadro inguruko azalera erabilgarria izango du, hau da, une honetan dagoena baino bost aldiz handiagoa, eta gaitasun asistentziala bikoiztuko da.

Obren ondoren, Sondikako osasun zentroak honako zerbitzu hauek izango ditu: Familiako Medikuntzako eremua (medikuntzako eta erizaintzako bosna kontsulta), Pediatriako Arretako eremua (pediatriako eta erizaintzako bina kontsulta eta edoskitze gela), Emagintzako kontsulta bat, Irakaskuntzako kontsulta bat, erabilera anitzeko kontsulta bat, larrialdietako gela bat, odol ateratzeen gela bat, espirometria gela bat eta gimnasio bat.

Administrazio eremuan, arreta gunea, bulegoak, bilera gela/liburutegia eta egongela izango ditu, eta zerbitzu orokorretan, aldagelak, biltegia, komunak, hondakin gela, garbiketa gela eta instalazio gela.

Aurreikuspenen arabera, Sondikako osasun zentroa eraberritzeko eta handitzeko lanak irailean hasiko dira, bi urte inguruko egikaritze epearekin. Espero da 2029ko urtarrilerako martxan jartzea, beharrezkoa den ekipamenduaz hornitu eta gero. Guztira, obren, ekipamenduaren, proiektuaren eta obra zuzendaritzaren eta lizentzia eta baimenen artean, Osakidetzak 4.365.000 euroko aurrekontua kalkulatu du.