Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailak 'Ejercicio físico, mujer y postmenopausia: de la evidencia a la práctica' izenburuko monografia akademikoa argitaratu du Octaedro argitaletxean. Lana Ilargi Gorostegi Anduagak eta Mikel Tous Espelosinek koordinatu dute, zazpi kapitulu ditu lanak eta ariketa fisikoaren eta osasunaren arloko hainbat egile espezialistak hartu dute parte.

EHUtik prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, menopausiaosteak etapa berria ekarri ohi du emakumearen bizitzan, eta aldaketa fisiologiko eta hormonalak izaten dira, baina baita osasuna eta ongizatea zaintzeko aukera berriak ere. Testuinguru horretan, ariketa fisikoa funtsezko tresna da, ez bakarrik gaixotasunak prebenitzeko, baita autonomia, bizitasuna eta bizi kalitatea indartzeko ere.

Bada, lan kolektiboak zientzia eta lanketa uztartzen ditu, ariketa fisikoa menopausiaondoan "funtsezko aliatu" nola bihurtzen den erakusteko. Izan ere, jarduera fisikoa gai da hezurren osasuna, osasun kardiobaskularra eta metabolikoa hobetzeko eta ongizate emozionala eta orokorra bultzatzeko, argitaratu berri diren ebidentzia zientifikoen arabera.

"Kapitulu bakoitza gaian adituak direnek idatzi dute, eta etorkizun hurbilean aurre egin beharko zaien erronkei buruzko ikuspegia azaltzen dute, ikerkuntza eta praktika profesionala abiapuntutzat hartuta, ikuspegi osagarriak emanez", adierazi dute obraren koordinatzaileek.

Diziplina arteko ikuspegitik, liburuak ariketa fisikoa eguneroko bizitzan nola barneratu, hasierako balorazio zuzenaren garrantzia eta programa seguru eta eraginkorren diseinua lantzen ditu. Horrez gain, gutxiago esploratu izan diren dimentsioak sakontzen ditu, hala nola funtzio sexuala, zoru pelbikoaren osasuna eta ongizatea, modu integralean ulertuta.

Liburuak zorroztasun zientifikoa eta ikuspegi irisgarria uztartzen ditu, eta ikerketaren aurkikuntzak orientazio argi eta aplikagarri bihurtzen ditu, bai praktika profesionalari dagokionez, bai eguneroko bizitzari dagokionez. Hala, lanak zientziaren eta esperientziaren, eta teoriaren eta ekintzaren arteko etengabeko elkarrizketa eraikitzen du.