Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa zentroak haurtzaroko osasun zerebralari buruzko dibulgazio zientifikorako kanal berri bat estreinatu du Unicef erakundearen Euskadiko Batzordearekin lankidetzan aritzeko programa zabalago baten barruan.

Ikerketa zentroko zientzialari talde heterogeneo batek garatu du kanala, Ikerbasque ikerketa irakaslea den Amanda Sierra doktoreak gidatuta, Celia Martinez Perez doktorearen eta Marco Gonzalez Dominguez eta Joel Maldonado Teixido doktoratu aurreko ikertzaileen laguntzarekin, Achucarro zentrotik jakinarazi dutenez.

Lantaldearen eta informazio kanalaren helburua da haurren hazkunde osasungarria sustatzea ebidentzian oinarrituta, arreta berezia jarriz garunak hazkunde horretan duen zereginean, besteak beste, ingurumen estimuluen integratzaile gisa (hala nola nutrizioa edo loa), memoriaren eta ikaskuntzaren biltegi gisa eta gure osasun mentalaren arduradun gisa.

Horretarako, Achucarrok sarbide libreko eduki monografiko espezifikoak prestatu ditu, ebidentzia zientifiko eguneratuetan oinarrituta, gurasoentzat, hezitzaileentzat eta osasun profesionalentzat interesgarriak izan daitezkeenak.

Lehenengo monografikoaren izenburua 'Obesitatea haurdunaldian eta haurtzaroan' da, eta bertan azaltzen da haurren garapenaren etapa goiztiarretan elikadurak zer eragin duen obesitatearen agerpenean eta epe luzerako ondorio kaltegarrietan. Materiala sarean dago eskuragarri, euskaraz eta gaztelaniaz.

Unicef Euskadiko Batzordeak eta Achucarro zentroak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten uztailaren hasieran, baina elkarlana hilabete batzuk lehenago hasi zen modu informalagoan.

Akordioaren bidez, bi erakundeek Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako haurren eta nerabeen eskubide guztiak lortzen lagunduko duten ikerketa eta argitalpen bateratuak egiteko interesa erakusten dute, gizarte errealitate unibertsala izan daitezen, eta printzipio etiko iraunkor eta nazioarteko jokabide arau bihur daitezen.