Osakidetzak osasun prestakuntza espezializatuko 577 plaza eskainiko ditu guztira 2025-2026ko deialdian, eta, modu honetan, inoizko handiena izango da, aurreko deialdian baino 11 plaza gehiagorekin. Hala, Euskadin bizi diren gazteen prestakuntza plazen eskaintza %84 gehitu da azken hamarkadan.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu duenez, plazen hazkunde jarraitua "funtsezkoa da erretiroa hartzeko bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteen prestakuntza bermatu ahal izateko", eta hori, aldi berean, "funtsezkoa da osasun sistema gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizarte baten erronketara egokitzen jarraitzeko".
Bada, deialdi berrian ere, ahalik eta plaza gehien eskainiko dira Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan, hori baita lehentasun estrategikoetako bat. Zehazkiago, 115 eskainiko dira Familia eta Komunitate Medikuntzan (%53ko igoera azken hamarkadan), 37 Familia eta Komunitate Erizaintzan (duela hamar urteko kopurua laukoiztu da), eta 30 Pediatrian (%66 gehiago).
Gainera, lehen aldiz, Larrialdietako Medikuntzako espezialitateko bost plaza eskainiko dira. Espezialitate berriak arloko osasun premiei erantzun nahi die, eta lau urteko iraupena izango du (lehenengo biak Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitatekoak izango dira).
Osakidetzak nabarmendu du 2024an egoiliar prestakuntza osatu zuten medikuen %72,2 kontratatu zituela, Familia eta Komunitateko Medikuntzako profesionalen %78,4 kontratatu zela, eta erizain espezialisten %78,7
Bada, 2024-2025eko deialdian eskainitako prestakuntza espezializatuko egoiliarren plaza guztiak beste urtebetez betetzea lortu ondoren, Espainiako Buletin Ofizialean aurki argitaratuko den 2025-2026ko deialdian 11 plaza gehiago eskainiko dira, 577ra iritsi arte.
KATEGORIAK
Kategorien arabera, BAME fakultatiboen 438 plaza (espezialitate medikoetako plazak barne), BAEE erizaintzako 115 plaza, BEP psikologia klinikoko 14 plaza, FIR ospitaleko farmaziako 9 plaza eta ospitaleko erradiofisikako plaza bat (kategoria berria) eskainiko dira.
Lurraldeka, prestakuntza espezializatuko 577 plazak honela banatuko dira: 110 plaza Araban, 314 plaza Bizkaian eta 153 plaza Gipuzkoan.
Euskadin irakaskuntzarako egiaztatuta dauden 17 zentro-unitatetan egiten da formakuntza: zazpi ospitale, bi irakaskuntza unitate, lanbide anitzeko sei irakaskuntza unitate eta erizain espezialistentzako bi irakaskuntza unitate.
Azkenik, Osakidetzak nabarmendu du 2024an egoiliar prestakuntza osatu zuten medikuen %72,2 kontratatu zituela, Familia eta Komunitateko Medikuntzako profesionalen %78,4 kontratatu zela, eta erizain espezialisten %78,7.