Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako Fisioterapia Zerbitzuak 8.689 paziente artatu ditu urteko lehen seihilekoan. Horrela, 2023. urte osoan zehar artatu ziren 6.900 pazienteen kopurua gainditu da. Datu horrek argi eta garbi islatzen du programa erabat operatibo dagoela Osakidetzako ESI guztietan. Hain zuzen ere, dagoeneko 36 fisioterapeuta daude lanean Osakidetzaren hainbat osasun-zentrotan. Horren harira, bihar igandea Fisioterapiaren Munduko Eguna dela aprobetxatuz, Osakidetzak eta Osasun Sailak eskerrak eman nahi dizkiete arlo horretan adituak diren profesionalei, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeagatik.
2018. urtearen amaieran Arabako ESIan modu esperimentalean abian jarri zenetik, Lehen Mailako Arretako Fisioterapia Zerbitzuak 16.600 paziente artatu ditu Osakidetza osoan. Zerbitzua pixkanaka zabaldu da Osakidetzaren sare osora, eta 2023an bukatu zen hedapen osoa; bada, erabat operatibo dago euskal osasun-sistemaren sare osoan.
Lehen Mailako Arretako Fisioterapiaren helburua da min osteoartikularrak dituzten herritarrei ematen zaien arreta hobetzea (hasieran, lepoko, bizkarreko eta sorbaldako minak izaten dira). Ekimenak harrera bikaina izan du herritarren artean, eta 2024an dagoeneko gainditu da 2023. urte osoan zehar artatutako pazienteen kopurua. Hori dela eta, Osakidetzak zerbitzu horren bidez artatutako populazioa bikoiztu nahi du urtebetean.
Osasun-zentroetako fisioterapia-programaren asmoetako bat da Lehen Mailako Arretari bultzada bat ematea osasunaren sustatzaile gisa, lehentasuna emanez herritarrak beren burua zaintzeko ahalduntzeari, ingurune hurbilago batean, eta norbere baliabideak eta herriko edo hiriko baliabideak erabiliz. Helburua da pazientearen errekuperazioa erraztea, birgaixotzeak gutxitzea eta, gainera, errehabilitazioko eta fisioterapiako arreta-zirkuituak antolatzea, atzerapenak murrizteko eta zerbitzuaren erabiltzaile guztien irisgarritasuna hobetzeko.
Antolatutako zirkuituan, familia-medikuak egiten du diagnostikoa, hasierako miaketa egin ondoren eta paziente bakoitzaren historia kontuan hartuta. Zehaztutako protokoloaren arabera, nahitaezko tratamendu farmakologikoaren ondoren eta ospitaleko arreta behar dela iradokitzen duen zeinurik ez dagoela egiaztatu ondoren, paziente bakoitza osasun-zentroko fisioterapeutaren kontsultara deribatzen du, eta fisioterapeutak erabakitzen du zer esku-hartze programa egokitzen den hobekien pazientearen premietara, fisioterapia-balorazioa egin ostean.
TALDEKO SAIOAK
Zerbitzuaren helburua da nagusiki bizkarreko eta sorbaldako minei heltzea, taldean eta heziketa sustatuz, nor bere gaitzaren kudeaketan inplikatuz. Proposatzen den programan, 8-10 pazienteko taldeak osatzen dira, pazienteak patologien arabera multzokatuz, eta 60-90 minutuko 12 saio eskaintzen zaizkie, oinarrizko ezagutzak eskura ditzaten minaren zientziari buruz eta haien gaixotasunerako egokiak diren ariketa terapeutikoei buruz.
Zerbitzua Zabalganeko osasun-zentroan hasi zen pilotatzen, Gasteizen, 2018an. Harrezkero, Osakidetzako ESI guztietan hedatu da. Zehazki, 36 osasun-zentrok eskaintzen dute zerbitzu hau, fisioterapeuta banaren eskutik.