Emergentziak Osakidetzako Langileen Batzordeak, ELA, CCOO, LAB, SATSE, SME, ESK eta UGT sindikatuek osatutakoa salatu dute uztailean, Emergentziak Osakidetzako zentro koordinatzaileetako eta anbulantzia medikalizatuetako 88 txandatan ez direla medikurik egon.

Sindikatuek adierazi dute Osakidetzako Emergentziak zerbitzuan gero eta gehiago ari direla egoera hauek pairatzen."Kudeaketa-taldearen antolamendu-faltaren eta lan baldintza duinen gabeziaren ondorioz, egoerak okerrera egin du udan", salatu dute.

"Medikua duen talde batek artatu behar duen gaixoa, medikurik gabe artatzen da edo gehiago itxaron behar izaten du, askotan, gaixoaren egoera denboraren menpekoa denean. Langileek estres handiagoko egoerak jasaten dituzte taldea osorik ez izateagatik, eta horietako batzuk txanda luzeak egiten dituzte horrek dakartzan arriskuekin", azaldu dute idatzitako prentsa-ohar batean.

Bestalde, abuztuaren 4an Tanzanian istripua izan zuten aita eta semea Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean daude jada atzo gaueko 11etatik. Horrenbestez, Osakidetzak informatu du zein den aita eta semearen egoera.

Gorka Ojinaga Anestesia eta Bizkorketako zerbitzuburuak eta Iker Castelo Anestesia eta Bizkorketako mediku laguntzaileak pazienteen balorazio klinikoa egin dute gaur goizean."Kontziente, egonkor, pronostiko erreserbatuarekin daude eta bilakaeraren zain" daudela adierazi dute Gurutzetako Ospitaleko medikuek.

"Pazienteok arriskutik kanpo daude, pronostiko erreserbatua dute eta eboluzio klinikoaren zain daude", gaineratu dute.

Une honetan, aita ospitaleratze-solairu batean dago, traumatologia-zerbitzuaren ardurapean, eta ez du zainketa kritikorik behar. Aldiz, adingabea kontziente eta egonkor dago, eta Anestesia eta Bizkortze zerbitzuan ingresatuta dago.