Osakidetzak preeklanpsiako baheketa berria egiteko aukera eskainiko die ekainetik haurdun dauden emakume guztiei. Baheketa horri esker, hipertentsio arterialarekin lotutako konplikazio hori garatzeko arriskua duten haurdunak identifikatu ahal izango dira.
Preeklanpsiak haurdun dauden emakumeen %2ri eragiten dio, eta alterazioak eragiten ditu plazentaren funtzionamenduan; kontuan izan behar da plazenta funtsezko organoa dela haurtxoaren garapenerako eta hazkunderako, Osasun Sailetik jakinarazi dutenez.
Preeklanpsia konplikazioak eta hilkortasuna gertatzeko kausa garrantzitsua da, bai amarentzat, bai jaioberriarentzat, eta herrialde garatuetan amaren hilkortasunaren bigarren kausa da. Osakidetzaren preeklanpsia bahetzeko programa berriarekin, konplikazio hori garatzea %70 baino gehiago murriztea espero da, horrela amaren eta jaioberriaren osasuna hobetuz.
Baheketak haurdunaldiaren lehen hiruhilekoaren ohiko kontrolean hainbat proba egitea aurreikusi du, amaren arrisku faktore jakin batzuen erregistroa, tentsio arteriala hartzea, ekografiaren datuak eta odol analisiaren datuak barne hartuz. Datu horien konbinazioari esker, preeklanpsia garatzeko probabilitatea kalkula daiteke, haurdun dagoen emakumeak konplikazio hori garatzeko arrisku handia edo txikia duen adieraziz.
Kalkulatutako arriskua handia bada, haurdunaldiaren 16. astetik 34. astera bitartean egunero aspirina dosi txikia har dezan adieraziko zaio. Tratamendua segurua da amarentzat eta haurrarentzat, eta bereziki eraginkorra preeklanpsia modu goiztiarrenak prebenitzeko.
Programa hori Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak gidatu dute, eta Uribe, Galdakao, Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldeko erakunde sanitarioek asistentzia mailan parte hartu dute. Jorge Burgos doktore eta Biobizkaiko Perinatal Medikuntza ikerketa-taldeko koordinatzaileak bere lantaldearekin batera jarraitzen du lanean, emakumearen osasuna are gehiago hobetuko duen baheketa programan adierazle berriak sartzeko.