Eusko Jaurlaritzaren BIND berrikuntza irekiko plataformak hamargarren edizioa egingo du aurten mundu osoko 21 start-upen, eta 23 proiektu teknologiko garatuko dira Euskadiko 70 enpresa liderrekin batera. Programa publiko-pribatua 2016an jarri zen abian, eta, harrezkero, 250 start-up baino gehiagori lagundu die eta 360 proiektu baino gehiago bultzatu ditu.

Ekimena sustatzen duen SPRI Taldetik jakinarazi dutenez, hautatutako start-upek Euskadiko enpresa handiekin lan egingo dute, hala nola, Repsol-Petronor, Betsaide, Elecnor, Ingeteam, GH Cranes, Maier, Orona, Tubacex, Valoriza, Keralty, Uvescorekin, eta garatutako soluzioak uztailaren 2an aurkeztuko dituzte BIND Demo Day ekitaldian.

Sektoreak duen erreferentziazko ekitaldia da BIND Demo Day, eta urtero 500 parte hartzaile baino gehiago biltzen ditu, besteak beste, enpresak, sozietate publikoak, inbertitzaileak eta berrikuntzaren eta ekintzailetzaren funtsezko eragileak. "Industrian start-upak eta enpresak aplikatzen ari diren azken joerak eta soluzio teknologikoak ezagutzeko hitzordu saihestezina", ziurtatu dute.

BIND plataformaren hamargarren edizioan martxan jarriko diren proiektuen teknologiei dagokienez, 'partner' enpresek hautatutako proiektuen %40an adimen artifiziala aplikatuko da, %21ean 'clean tech' teknologia eta %9an IoT teknologia.

Proiektuak urteko lehen seihilekoan garatuko dira, eta helburu nagusien artean dituzte industria prozesuen trazabilitatea digitalizatzea, automatizatzea eta areagotzea, makineriaren mantentze lanak hobetzea, logistika, balio katea eta baliabideen zirkulartasuna optimizatzea, eta osasun digitala sustatzea.

PLATAFORMA

BIND plataformaren hamargarren edizioan parte hartzeko deialdira 74 herrialdetako 882 start-up hautagaitza aurkeztu ziren, eta BINDeko bazkide diren enpresek proposatutako 12 erabilera kasuetarako soluzioak proposatu zituzten, prozesuen eta eragiketen, jasangarritasunaren, bezeroaren eta negozioaren eta osasunaren arloetan.

Aurten hautatutako 21 start-upen jatorriari dagokionez, hamar EUskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) dira (Gipuzkoako zazpi eta Bizkaiko hiru), lau Espainiako Estatukoak (Bartzelona, Pontevedra, Santander eta Sevillako bana) eta beste zazpi Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, AEB eta Mexikokoak. Guztiek doako azelerazio programa bat izango dute eskura, eta mentoretzak, 'networking' saioak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren euskal ekosisteman eta inbertitzaileekiko konexioa egin ahalko dituzte.