Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2026-2027 epealdirako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sektore publikoa eta beste herri erakunde batzuk %100 berriztagarria den energia elektrikoz hornitzeko kontratu zentralizatua baimendu du astearte honetan bileran. Gastuaren zenbateko osoa 143.996.546,02 eurokoa izango da.
Jaurlaritzaren arabera, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza arduratuko da kontratazioa izapidetzeaz.
Kontratu zentralizatuaren bidez sektore publiko osoa eta beste hainbat erakunde hornituko dira, hala nola EHU, Parke Teknologikoak, Osakidetza edo Euskotren. 1.638 sarbide punturen hornidura kontratatuko da, eta urteko gutxi gorabeherako 325 gWh-ko kontsumoa.
KONTRATUA
Kontratatutako energiaren jatorriari dagokionez, soilik energia berriztagarrien iturrietatik edota eraginkortasun handiko baterako sorkuntzatik eratorritako energia elektriko bidez hornitu beharko da. Horrela, aipatutako kontsumo puntuetako energia elektrikoaren eskaria %100 berriztagarria den energiarekin estaliko da.
Jaurlaritzaren arabera, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza arduratuko da kontratazioa izapidetzeaz
Gastuaren zenbateko guztia 143.996.546,02 eurokoa da, eta, zehazkiago, 2026an 71.995.371,21 euro inbertituko dira, eta 2027an 72.001.174,81 euro.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gizarte ekonomia sustatzeko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren lau milioi eurotik gorako diru laguntzak onetsi ditu astearte honetan. 2025eko deialdiak Gizarte ekonomian ekitea eta Gizarte ekonomiako enpresetan bazkideak sartzea aurreko laguntza lerroak bateratuko ditu, izapideak sinplifikatzeko eta diru laguntzen kudeaketan eraginkortasuna handitzeko asmoz.
Ekonomia, Lan eta Enpkegu Sailaren arabera, laguntzak hiru atal handitan egituratuko dira: gizarte ekonomiako enpresak sortzearen aldeko ekosistemari eustea, enpresa berriak eratzea eta sustatzea, eta bazkideak sartzea, arreta berezia jarriz langabeen edo desgaituen kolektiboetan. Gainera, nekazaritzako eta elikagaien sektoreko kooperatibei laguntzea aurreikusten da, lurraldeko produkzio eta gizarte sarea indartuz.
Laguntzak ebazpen indibidualizatuen bidez emango dira, diruz lagundu daitekeen lerro bakoitzeko, eta eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.