Eusko Jaurlaritzak ingurumen inpaktuaren adierazpena eskuratu du, hau da, Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko obrak hasi ahal izateko behar den administrazio izapidea. Obrak 6,3 kilometro luzatuko du tranbia sistema, 11 geralekurekin.

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak egin du iragarpena mugikortasun jasangarriaren inguruko Ser Euskadi topaketen irekieran, Gasteizko Europa jauregian.

Gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak izapidetutako ingurumen inpaktuaren adierazpena "bereziki garrantzitsua" da Salburuko hezegunetik gertu eraiki behar diren garajeengatik, eta aukera ematen diolako Mugikortasun Jasangarritasuneko Sailari Zabalganarako tranbiaren informazio azterlana eta trazaduraren eraikuntza proiektua onartzeko.

"Eraikuntza proiektua administrazio izapidetze osoarekin batera landu dugu, urtea amaitu baino lehen obrak lizitatzeko", azaldu du sailburuak.

Garcia Chuecak adierazi du Gasteizko tranbiak zazpi milioi bidaia egin dituela urtarriletik uztailera, eta, Araba osoari dagokionez, aldiriko trenen zerbitzu berria izan du hizpide: 18.400 bidaia egin ditu abian izan den lehen hilabetean (ekainean), eta 15.100 uztailean (aurreko urteko hilabete berean baino %13 gehiago, ordutegi eta tarifa berriak martxan jarri aurretik).

"Erantzuna positiboa izan dela esan dezakegula uste dut, baina denbora gehiago emango diogu geure buruari analisi zehatzagoak egiteko. Garrantzitsuena da herritarren eskaerak asebetetzea eta jendeari zerbitzua beharrezkoa dela erakusteko aukera ematea", azaldu du.