Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak irailaren 19an abiatuko du unibertsitateko ikerkuntza sustatzeko programa, gobernu kontseiluak asteartean onartu ondoren. Edizio berriak 50 milioi euroko aurrekontua izango du 2026-2029 aldirako, hau da, programaren aurreko deialdian baino %20 gehiago, orduan 42 milioi bideratu baitzituen.
Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak programa berriaren garrantzia azpimarratu du asteazken honetan Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. "Ibilbide eta proiektu egiaztatuak dituzten unibertsitateko ikerketa taldeei laguntzea da gure zientzia, teknologia eta berrikuntzako piramidearen oinarria. Finantzaketa erabakigarria da euskal ikerketaren kalitatea eta inpaktu kulturala, soziala eta industriala bermatzeko", adierazi du.
Bere ustez, programa berriak "asko hobetzen du aurrekoa: aurrekontua handitzen du, 50 milioi eurorekin, diru kopuru oso garrantzitsua, ekoizpen zientifikoaren kalitatean jartzen du indarra, eta ez hainbeste bolumenean, burokrazia murrizten du, ikertzaile emakumeen lidergo zientifikoa sustatzen du eta sortutako ezagutzaren zabalkunde soziala sustatzen du".
Ekimena Eusko Jaurlaritzak unibertsitateko ikerketaren alde egiten duen "apustu argia dela nabarmendu du, eta komunitate akademikoak "hala ulertuko" duela uste du.
Gaur egun, programak 223 ikerketa talde finantzatzen ditu, eta, deialdi berrian funtsak handituta, 250 talde onuradun izatea aurreikusi da. Handitze horrek aukera emango du, batetik, finkatutako proiektuekin jarraitzeko eta, bestetik, kalitate handiko ekimen berriak sartzeko. Halaber, 4.000tik gora ikertzailek jasoko dituzte laguntza horiek.
Proiektuek jakintza arlo guztiak hartuko dituzte barne -zientzia esperimentalak, gizarte zientziak, arteak eta humanitateak, ingeniaritza, arkitektura eta osasun zientziak-, euskal ehun zientifikoaren aniztasuna sustatzeko eta euskal unibertsitateen ikerkuntza lanari laguntza egonkorra emateko.
Edizio berriak "hobekuntza nabarmenak" dakartza aurrekoarekin alderatuta. Proiektuen kalitate zientifikoa eta koherentzia lehenesten ditu, baita taldeen ibilbide finkatua ere, metatutako merezimenduen bolumenaren gainetik, eta horrek "balio handiagoa" ematen dio talde bakoitzak bere ikerketa jarduerari buruz egiten duen hausnarketari.
Halaber, karga burokratikoa murriztuko du, bai eskabidean, bai ebazpenean, izapideak arintzeko eta taldeen parte hartzea errazteko. Era berean, genero oreka handiagoa sustatuko du, ikerketa taldeen %42 emakumeak buru izan daitezen -gaur egun %37 dira-. Ezagutzaren zabalkunde sozialari ere garrantzi handiagoa emango dio ebaluazio irizpide gisa, gizarte informatuagoa eta parte hartzaileagoa eraikitzeko duen garrantzia aitortuz.
400 MILIOIKO INPAKTUA
Datozen lau urteetan egingo den 50 milioi euroko inbertsio publikoak 400 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragingo duela aurreikusi dute Jaurlaritzan. Kopuru horretatik, 100 milioi euro nazioarteko deialdietatik etorriko direla uste da, eta 300 milioi proiektu lehiakorretatik, guztiak ikerketa taldeek beraiek erakarritakoak.
2007an sortu zenetik, programak funtsezko ekarpena egin du euskal unibertsitate sistema indartzeko. Ordutik, ikerketa taldeek sortutako argitalpen zientifiko indexatuak 1.500 izatetik 5.500 baino gehiago izatera pasatu dira urtean, eta horrek erakusten du "etengabeko hobekuntza dagoela, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari eta inpaktuari dagokienez".
Aurrekontu konpromisoak ere goranzko bilakaera izan du. Horrela, 2007-2010 aldian 26,5 milioi euro bideratu ziren, eta 2026-2029 aldian, berriz, 50 milioi euro. Ibilbide horri esker, egungo deialdia "Estatuko anbizio handieneko deialdia" da unibertsitateko ikerketa taldeei zuzendutako finantzaketari dagokionez.