Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak martxan jarritako Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak 6.328 kontsulta artatu ditu 2025eko lehen seihilekoan, aurreko urteko epealdi berean 41 gehiago, orduan 6.287 izan baitziren.
Horrela jakinarazi du asteazken honetan Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren balantzearen aurkezpenean.
Bikote hausturak, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, herentziak edo hezkuntza eremukoak bezalako gatazketan bitartekaritza eskaintzen duen doako eta isilpeko zerbitzua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskaintzen da, eta, Melgosak emandako datuen arabera, "oraindik ere funtsezko baliabidea da familia gatazkak eta bikote hausturaren ondoriozkoak kudeatzeko".
Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren telefono bidezko eta aurrez aurreko arretari dagokionez, urte erdian 6.000 baino kontaktu gehiago erregistratu dira.
Hain zuzen, 2025eko lehen seihilekoan, zerbitzuak telefono bidezko eta aurrez aurreko 6.328 kontsulta artatu ditu EAEn, hau da, 2024ko aldi berean erregistratutako 6.287 kontsultak baino zertxobait gehiago.
Lurralde historikoka, Bizkaia izan da eskaeraren buru, 3.243 arreta eman baitira lehen seihilekoan (iaz 3.690); ondoren Gipuzkoa dator, 1.707 arreta erregistratuta (2024an 1.651), eta, azkenik, Araban 1.378 izan dira (iaz 946).
Bestalde, bitartekaritza prozesuei buruzko datuak kontuan hartuta, 2025eko lehen seihilekoan, zerbitzuak 1.463 bitartekaritza espediente izapidetu ditu, 2.820 pertsona inplikatuz (gizonak eta emakumeak), 2024ko lehen seihilekoan baino %13,8 gehiago. Hiru lurraldeetan handitu da familia bitartekaritzako zerbitzuan parte hartu dutenen kopurua: Araban %9,3, Bizkaian %16 eta Gipuzkoan %12.
Kasu gehienak bikote hausturaren ondoriozko gatazkei dagozkie (%80 baino gehiago), eta, ondoren, belaunaldien arteko gatazkei eta familia gatazkei.