Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak baimena eman du Hazitek programaren bidez euskal enpresentzako ikerketa industriala sustatzeko aurrekontua 27 milioi euroan handitzeko, eta horrela, hasierako 93 milioi euroetatik 120 milioi eurora pasa da programaren aurrekontua.
Jaurlaritzaren arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan aurkeztutakoak baino proiektu gehiago finantzatu ahal izango dira horrela, Industria Defendatzeko Taldean hartutako konpromisoetako bat betez.
Aurrekontuari gehituko zaizkion 27 milioi euroetatik 11,45 milioi aurten bertan egikarituko dira, eta gainerakoa hurrengo hiru urteetan. Beraz, Jaurlaritzak dagokion konpromiso kreditua ere onartu du.
Hazitek programaren helburua da ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzea, hala izaera lehiakorrekoak, nola izaera estrategikokoak, industria adimendunaren, energia garbien eta osasun pertsonalizatuaren arloetan. Bi kasuetan jasangarritasun alderdiek garrantzi handiagoa izango dute.
Laguntzak SPRI Taldeak kudeatzen ditu, eta enpresen I+G jardueraren bidez euskal industria indartzea da azken xedea, euskal ekoizpen sarearen lehiakortasun globalari lagunduz eta eragin ekonomiko adierazgarria izan dezaketen emaitzak sortuz. Euskadirentzat estrategikoak diren espezializazio eremuetan eta merkatutik hurbilen dauden I+G faseetan ardaztutako laguntzak ematen dira.
LAGUNTZA LERROAK
Ohikoa denez, programak bi laguntza ildo ditu: izaera lehiakorreko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak eta izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.
Iazko deialdian, Hazitek programak 654 proiektu finantzatu eta 91,2 milioi euro eman zituen diru laguntzetan. Horrek 265 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu zuen Euskadiko 759 enpresatan ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko sei jardueretan.
Lehiakorreko ildoan 623 proiektu babestu ziren eta 666 enpresak parte hartu zuten; izaera estrategikoko ildoan 31 proiekturi lagundu zitzaien eta 184 enpresak parte hartu zuten
Izaera lehiakorreko ildoan 623 proiektu babestu ziren eta 666 enpresak parte hartu zuten; izaera estrategikoko ildoan 31 proiekturi lagundu zitzaien eta 184 enpresak parte hartu zuten. Industriarentzako laguntza programei buruzko informazio guztia SPRI Taldearen webgunean kontsulta daiteke.