Eusko Jaurlaritzak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko ostatu turistikoen enpresen eraginkortasun energetikoko proiektuetarako laguntzen programa aktibatu du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, eta guztira sei milioi euro banatuko ditu.
Programaren arduradunen arabera, helburua da etxetresna elektrikoak berritzea eta turismo ostatura edo sektoreari lotutako beste jarduera batzuetara bideratutako establezimenduetako argiztapen instalazioen energia eraginkortasuna hobetzea.
"Laguntzen programaren bidez garatzen diren proiektuei esker, energia eraginkortasunaren eta ekonomia zirkularraren arloko estandarrak txertatu ahal izango dira, karbono aztarna eta energia kostuak murrizteko", azaldu dute.
Laguntzek jardueren kostuaren %90 ordaindu ahal izango dute, eta gehienez 300.000 eurokoak izango dira onuradun bakoitzeko. Eskabideak abenduaren 31ra arte aurkez daitezke Energiaren Euskal Erakundearen web orriaren bidez.
BESTE ALBISTE BATZUK
Bestalde, Markalariak euskarazko komunikazio agentzien lehenengo topaketa egin zen joan den ostiralean, uztailaren 4an, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitatearen campusean, eta sei enpresa elkartu ziren, Euskal Herriko komunikazio agentzien artean topagune bat sortzeko helburuarekin.
Sektoreko profesionalen arteko ezagutza partekatzeko, lankidetza bultzatzeko eta komunikazioaren erronka berriei elkarlanean erantzuteko "espazio inspiratzaile eta kolaboratiboa" izan zen topaketa, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, euskarazko komunikazio kanpaina esanguratsuenetako batzuk sinatu dituzten sei enpresak osatzen dute Markalariak sarea: Arteman, AZK, Burutu, Sorland, TaPuntu eta The Niu.
Markalariak euskaraz lan egiten duten komunikazio agentziak biltzen dituen komunitatea da, eta bere helburuen artean dago gizarteari komunikazioaren balio estrategikoa eta sektorearen gaitasuna eskaintzea, egiteko modu onak azalduz eta aitortza sustatuz.
Era berean, sareak ezagutza elkarbanatzeko eta harrotasun profesionala lantzeko topagune inspiratzailea sortzea bilatzen du, bai eta talentua erakartzea eta belaunaldi berriei euskaraz sortzeko pizgarri eta eredu izatea ere. Euskal komunitatetik sortzen diren "komunikazio joeren bozgorailu izatea" da sarearen beste helburu bat.
Topaketa Iratxe Reparaz zuzendari artistikoaren hitzaldiarekin abiatu zen; bere inspirazio iturriez eta proiektuez aritu zen, eta parte hartzaileentzako hausnarketarako abiapuntu izan zen.