- 325 euskal kazetarik Eusko Jaurlaritza berriko sailburu eta goi-kargudun guztiak euskaldunak izateko eskaera egin dute, Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua sinatuz. Modu horretan, euskarazko hedabideek administrazioko informazioa eskuratzerako orduan jasaten duten desparekotasuna zuzentzea lortu nahi dute, askotan gazteleraz eskaintzen delako soilik.
Manifestua atzo goizean aurkeztu zen Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Ekitaldian euskal hedabideetako hainbat ordezkari egon ziren, eta adierazpen bateratu baten bidez azaldu zutenez, bozeramaile ofizialek euskara ez erabiltzea berdintasun ezaren sinonimo da.
Gauzak horrela, manifestuan hurrengoa salatu dute zehazki kazetari euskaldunek: "Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea onartu zenetik 38 urte igaro diren horretan, Eusko Jaurlaritza berriko sailburu, sailburuorde eta kargudun guztiak euskaldunak bakarrik izatea eskatzen dugu". Halaber, euskaraz ari diren profesionalentzat gaur egun dauden kargudunak "aski" ez direla salatu dute. Hortaz, herritarrek ere euskarazko informazioa jasotzeko aukera gutxiago dituzte.
Haien aburuz, euskararen normalizazioa herritar guztien "zeregina" da, baina erakunde publikoek "lehen mailako erantzukizuna" dute helburu hori betetzeko bidean. Horren harira, kazetariek egungo pandemia globalaren egoera azpimarratu zuten, hartutako erabaki zein neurriei buruzko informazioa euskaraz ahalik eta lasterren eman ahal izateko herritarrei.
Hartara, Martxelo Otamendi kazetariak erakundeetako hainbat arduradunek euskaraz hitz egiten ez jakiteak ikus-entzunezko hedabideei batez ere eragiten diela azpimarratu zuen: "Ezin dituzte kargu publiko guztiak elkarrizketatu, eta horrek euren funtzionamendua herren uzten du, kazetarien betebeharra galderak egitea delako, eta haiena, erantzutea".
Manifestua dagoeneko sinatu bada ere, euskal komunikabideetako profesionalek oraindik dute atxikitzeko aukera. Izan ere, atzoko deialdia egitasmoa publiko egiteko burutu zen.