Neu ere euskara naiz. Baina ez nago Korrikan
Aurtengo Korrikaren izenburuak dio Euskara gara. Nortasun kolektiboaren apelazioa da, euskaldun guztiok goiburu horren baitan, altzo horretan senti gaitezen. Ikurritz ederra, bai aise. Baina gure herri honen iragan bortitzaren lokatzezko zipriztin batek jotzen nau musuan lehenengo irudiak ikusita. Ohiko okerrak erkideko kontuetan; guztiona den ahozko aldarriari desafinazioak gehitzen. Zergatik ez gara gogara sentitzen hainbat euskaldun? Zer dela eta, duela urte dezentetik hona, aurpegira mesprezuzko gorro bat botatzen didatela sentitzen dut sarriegitan? Korrikaren lekukoa daramanak euskararen irria eraman behar du berekin, gu guztion atsegina behar du izan, gu guztiok irudikatzen gaituelako, euskara garelako. Beste gauza askoren artean euskara gara, bai. Hortik at, nork bere norkeriak eta nortasunak izango ditu, baina ez dira espazio horretan kabitzen. Ez dute zertan. Arduradunek, euskararen alde gauden guztiok ekimen honekin bat egin dezagun, neurri zehatz batzuk hartu beharko lituzkete.
Beraz, kezka bikoitza daukat, barrunbeetan dantzan, aurtengo edizioan guztiz egotzita ikusi dudalako neure burua. Lehenengoa da ea euskara garen guztiok ekimen horrek bere erakustaldietan hartzen dituen jendearen aldarriek, oso agerian ikusten direnek behinik behin, sentiarazten gaituzten eroso eta ados. Pertsona hiltzaile zehatz batzuk goraipatzeko euren argazkiak erakutsi izanak ni oso urrutira apartatzen nau. Pertsona horien irudikapena erailketa baten arrakasta da, erabateko gorespena; non erakutsi eta biktima akabatu zuten tokian bertan. Ni mintzen baldin banau, nolako mina eragingo die bertan bizi diren familiarrei? Mingarriagorik ba ote? Eta bigarrena da Korrikaren arduradunek aurten hartutako erabakiek noraino eta zenbateraino uzten gaituzten asko eta asko harresitik at, euskararen aldeko ekimen honetatik harago, lekora. Euskararen alde emandako indarrak, urteak, ekinak, abestiak, gauak, idazkiak… eta ez gaude klubean sartzeko moduan?
Konklusio batera ailegatu beharrean nago: euskara eta Korrika ez dira bat ezinbestez. Korrika ekimen pribatu bat da, eta euskara, aldiz, guztiona, euskaldun guztiona, hain zuzen. Beraz, euskara garen guztiak ezin gaitezke Korrikaren altzoan etxekotu. Ez dago euskaldun guztiontzat lekurik ekimen horretan.
Agian, bizpahiru kontzeptu argitu beharrekoak dira aurrera joan baino lehen. Askotan jakintzat eta emantzat jotzen diren kontuak, agian diot, ez daude hain jakinda eta emanda. Euskararen alde gaudenok berdin pentsatu behar al dugu sustatze horren bidean nolako trepetak erabili ahal diren eta zeintzuk ez? Hizkuntza batek beti egin behar gaitu herri, nazio edota estatu? Hizkuntzaren aldeko bultzadak bere baitan eraman behar du ezinbestean zama ideologiko, are alderdikoi bat? Biolentzia politikoa ontzat eman behar dugu hiltzaileak gutarrak direlako? Ni ezetzean nago.
Ikerketa filosofikoak liburua idatzi zuen Ludwig Wittgenstein hizkuntzalari vienarrak. Berak iradokitzen zuen hitzen esanahia oso loturik dagoela testuinguru zehatzen erabilpenei, hau da, hitzak non, esanahia hor, hizkuntzaren funtzioari mamia emanez. Gurera ekarrita, argi dago hitzek badutela bere zama esanguratsua. “Etxera” esaten dugunean ondo dakigu, testuinguruaren arabera, zer demontre adierazi nahi dugun. Hau da, pankarta batean jarrita, ez gara jada inozoak, esanahia aratza da: ETAko kideen-tzat amnistia. Zilegi da, nola ez, aldarri hori kalean paseatzea; baina, demagun Palestinaren aldeko manifestazio batean edo Martxoak 8ko ekitaldi nagusian, esaterako, horrelako pankarta bat eramatea ez da adierazpen askatasunaren lagin bat, ezarpena baizik. Tokiz kanpo dago aldarri hori euskararen aldeko ekimen batean. Baina Korrikan zenbanahi ikusi izan ditugu aspaldidanik. Areago, euskararen festari lotutako aldarri naturala dirudi, paisaiari atxikita, ume eta guzti. Ez al da deitoragarria kamisetan ETAko kide baten irudia duen ume bat jartzea, lekukoa eskuan duela? Ba ote daki ume horrek kamisetan daraman aurpegiko gizonak tiroz akabatu zuela Tomás izeneko pertsona errugabe bat? Zein gurasori otu zaio horrelakorik onartzea? Eta Korrikaren arduradunak, mutu? Ontzat ematen dute euskararen aldeko festaren aurresku horrek, mutil koskor horrek, erailtzearen goraipatzea?
Azkenik, CCOO sindikatuari erakutsitako txartel gorria dago, mantso esanda. Euskararen Legea betetzea baino eskatzen ez duen sindikatuari Korrikaren agintariek esan diote ezetz, eurak ez direla ongi etorriak. Hortxe dago aldea. Zeintzuk diren ongi etorriak eta zeintzuk ez. Nirekin ala nire kontra. Erlijioa nagusi, fedea ardatz. Azken orduko albistea: Euskal Herritik kanpoko banku batek korrituko du CCOOri galarazitako kilometroa. Paradoxa bikoitza: kilometro hori Bilboko auzo proletarioenean izanik banku bati eskaintzea ere… Eta bi: banku horren langileak deituta daude grebara, dituzten baldintza eskasak salatzeko; CCOOren ekimena izan da.
Neu ere euskara naiz. Izan eta izango naiz, nire bizitzaren zeharkako eta zuzeneko bidaidea delako. Neure egin nuelako gaztetatik. Baina ez naiz Korrika pertsona. Ezin da bizitzan zehar ibili minik sentitu gabe, dudarik ez; baina bizitzan min ba-tzuk ekidin daitezke eta, hartara, huskeria bihurtu.