Euskaldunok urteak daramatzagu prozesu asimilazionista batean murgilduta. Iparraldean zein Hegoaldean. Ez da kasualitatea eta ez da inertzia. Gero eta espainiarragoak edo frantsesagoak gara eta ez horren euskaldunak. Herria ez da modako jantzia. Herritarrak hiritartu gara hein batean -ciudadano edo citoyen- eta gu kolektiboki definitzen gaituen kontzeptua abandonatu dugu. Deserrotze-prozesu deliberatua da eta ezin dugu ez ikusiarena egin.
Herri-kontzeptuaren lausotzea eta erabilera ezak arrazoi jakin bat dauka: subjektuaren ukazioa. Gauza bera gertatu da nazionalismo hitzarekin. Dena anakronikoa omen da hiritartasuna eta Estatuaren arteko eskematik kanpo. Identitarioa, nahi bada. Baina gurea Herria da. Herria da ordenamendu juridiko jakin bateko lurralde-entitateetan eratu zena; bere historiaren haritik dagozkiokeen eskubideei uko egin gabe. Gernikako estatutuak berak hala aitortu zuen erkidegora begira. Herria da subjektu politikoa. Horrek du egiazko garrantzia eta horregatik, hain zuzen, asimilazionistek nahi dute kontzeptua desitxuratu. Nire kezka da abertzaleok ez ote dugun, konturatu gabe, gehiegitan haien markoa ibili; edo, beste era batean esanda, ez ote gaituzten ofentsiba horretan bidelagun inozoak izan. Beharrezkoa da autokritika.
Ad intra, problemak nagusiki hiru plano ditu -euskararen afera-zentrala alde batera utzita-: herrialdekeri zentzugabea -foralismoarekin zerikusirik ez duena-, oztopo kulturala eta sinbolismoaren birdefinizioa. Arrunt ebidenteak direla esango nuke eta, areago, ebidenteak bezain zaharrak. Gure kontra ongi erabiliak. Herrialdekeriak, esaterako, maila guztietan afektatzen du; norbanakoetan, indar-politiko eta sindikaletan eta baita instituzioetan ere. Herrialdekeria da herrialde edo hiri bati sasi-nortasun nazionala esleitzea, orokorrean nazio bereko beste herrialde edo hiri baten kontra egiteko. Gehientsuetan, erasoa nondik datorren erreferentzia galduta. Zeinek kapitalizatu du urte luzeetan ikuspegi hau gure Herrian? Zeinek elikatu du elkarrenganako gorroto hau? Eta, okerrena, zeintzuk erori gara noiz edo noiz tranpa horretan? Herrialdearekiko harrotasunak ez gintuzke nazionalistak garenok itsutu behar.
Bigarren planoa, oztopo kulturala, Pirinioetan kokatua dago. Bi Estaturen artean bizi gara eta batak zein besteak ahalegina egin dute uniformizazio-kulturalaren alde. Bakoitzak bere bidean. Nahiz eta mundu globalago batean bizi, erreferentziek diferenteak izaten jarraitzen dute mendilerroaren bi aldeetan. Hizkuntzek ere bai, bietan euskaraz egiten den arren. Pentsatzen dut ez dela nahikoa euskara bultzatzea; mugaren alde honetan serio hartu beharko genuke frantsesaren erronka. Hau ere bada autokritika pertsonala.
Hirugarrenik, abertzaletasunaren birdefinizio sinbolikoa. Nonbait, aranismoa gainditu nahian, bakarren batzuk hasi dira -hasi baino, jarraitu dute- zalantzan jartzen gure nazio-ikurrak. Honek ere ondorioak ditu gurean. Edozein naziok behar ditu gutasunaren sinboloak. Identifikatuak eta identifikagarriak. Ereserkiarekin eta Euskadi izenarekin gertatu zen antzera, orain ikurrina da beste banderekin berdindu beharrekoa (Nafarroakoarekin, konparazio baterako). Ikurrinak ez du balio Nafarroan eta, antza, ezin dezake ordezkatu Herria bere osotasunean. Hainbatek zilegitasuna kendu diote auskalo zein ideologia aurreratuaren izenean. Abertzaleak frankismo garaian Baionara joaten ziren ikurrinak ikusi ahal izateko. Zer pentsatuko lukete abertzale horiek edozein sasi-pentsalari Iparraldeko banderaren bat asmatzen ikusita? Askotan pentsatu izan dut konplexuak direla gure kondenarik gogorrena eta Ballesterrek senyerari buruz esandakoa hemen ere maizago aplikatu beharko litzatekeela: ikurrina ikusi beharko genuke altu, zuzen eta bakarrik.
Ad extra, problema mendeko proiekzioa izan ohi da. Horretara bideratu gaituzte isilean estatu-botereek. Gakoa da non eta nola kokatzen dugun guk gure burua. Nekez deskonektatuko dugu Espainia edo Frantziarekin gure pentsaerek erregionalistak izaten jarraitzen badute. Gu guztiok eragiten gaitu honek, dimentsio guztietan; eta horren kontra egitea hautu indibiduala eta politikoa da; militantea ere bai, haize kontrakoa den neurrian.
Hori guztia diot deskonexioak emozionala behar duelako. Gakoa ez da gu gure zilborrera begira egotea, kanpoan batzuek dioten bezala -eta barruan beste hainbatek nahi-. Proiekzioak osoa eta luzea izan behar du eta, batez ere, kontsekuentea. Estatuek interes politiko eta ekonomikoak dituzte Europan eta Europatik kanpo. Guk ere bai. Soilik errentan bizi nahi duenak permititu diezaioke bere buruari erosokeria.
Hortaz, sobera daude Espainiako autonomiak erreferentzia hartuta egin ohi diren erkaketak; berdin kalean izan, medioetan edo instituzioetan -oposiziotik zein agintetik-. Asimilazioak pobretzen gaitu. Era bertsuan, sobera daude debate publikotik Madrilgo afera gehienak. Gure mundua askoz zabalagoa da. Zabalagoa behar du, baiki. Ezin dugu etengabe alokairuan bizi. Gure eztabaida propioak sustatu behar ditugu Euskadik dituen foro guztietan eta kanpora zabaldu, gure interesei begira. Guk ez badugu gure etorkizuna idazten beste norbaitek gure ordez egingo du. Libertatea hautu pertsonal eta sinple bakoitzean hasten da.