Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortutako ekimen herritarra da. Esparru ezberdineko pertsona talde bat gara eta Aberri Eguna baliatu nahi izan dugu nazio gisa berresteko, euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko eta gizarte-erakundeei eta eragileei euskal nazioarekiko konpromisotik jardun dezaten eskatzeko.
Guztia zalantzan jartzen den garaiotan, izango da nazioek euren eguna ospatu behar dutela zalantzan jartzen duenik ere. Izango dira, halaber, nazioek sinbolo propioak, banderak edota ereserkiak izateari zentzurik ikusten ez diotenak. Munduaren luze-zabalari begiratuta sinbolo propiorik, banderarik, ereserkirik edota egun nazionalik ez duen herririk ez dagoen arren.
Euskal Herriaren historiari begiratu besterik ez dago ikusteko gure herrian ere egun nazional propioa ospatzea ez dela gaurko kontua. Hainbat modu eta moldetan ospatu izan dugu Aberri Eguna; erabateko normaltasunean batzuetan, debekuei aurre eginez beste batzuetan. Horietan guztietan badira bi, testuinguru politikoagatik eta hartu zuten izaeragatik, garrantzia berezia dutenak:
Lehen Aberri Eguna. 1932an Bilbon EAJk deitu zuen lehen Aberri Eguna. 1929an lehertu zen krisi ekonomikoaren eta 1931an Espainiar estatuan martxan jarri zen Errepublikaren testuinguru bete-betean. Askotariko ekitaldiak egin zituzten, horien artean aipagarrienak Euskaldunan eta Campos Eliseos antzokian egindakoak.
1978ko Aberri Egun bateratua. Espainiar estatua frankismotik demokraziarako trantsizioa egiten ari zen unean, UCD eta AP ez beste alderdi eta mugimenduek -guztira 18- deituta Hego Euskal Herriko lau hiriburutan ospatu zen Aberri Egun hura. 400.000 herritar inguru batu ziren “Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako autonomia estatutua” eta “Autodeterminazio eskubidea” aldarrikatzeko.
Ibilbide luzea du, beraz, Aberri Egunak Euskal Herrian. Iraganeko ibilbideari eutsi eta etorkizunean segida eman nahi diogu. Nazioek, nazio izango badira, euren egun nazionalak behar dituzte. Zer esanik ez, gu bezalaxe burujabe ez diren nazioek. Konbentzituta gaude euskal nazioak, iraganean bezala, orain ere behar duela bere egun nazionala ospatu. Ospatu ez ezik, egun nazionalean bere izaera aldarrikatu eta nazio gisa munduaren aurrean azaldu:
Ospatu, bagarela. Aberri Eguna nazioa garela ospatzeko eguna da guztiaren gainetik. Euskal nazioa badela adierazteko eguna. Garenaz harro dagoen herria garela adieraztekoa. Ikur, sinbolo, erritual, hizkuntza, kultura eta balore propioak dituen komunitate gisa garena berrestekoa. Aberri Egunean sentitzen baitugu, beste egun askotan ez bezala, bagarela.
Aldarrikatu, izan nahi dugula. Aberri Eguna bada izan nahi dugula aldarrikatzeko eguna ere. Euskal Herria frantziar eta espainiar estatuen ukapenaren aurrean bere biziraupenaren alde diharduen herria da. Bere burua autogobernatzeko aski tresna ez dituena. Eta bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duena. Burujabe izan nahi duena.
Munduaren aurrean azaldu, bagarela eta izan nahi dugula. Aberri Egunez nazio gisa munduaren aurrean azaltzen gara. Garena eta izan nahi duguna azaltzen diogu munduari. Europan nazioen erabakitzeko eskubidea eztabaidagai den honetan are garrantzi handiagoa du gu ere munduaren aurrean baden eta izan nahi duen nazio gisa azaltzeak.
Sortu ginenetik Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko urratsak egin ditugu: gure etxeetako balkoietan ikurrak jartzeko deialdia eginez; gure herriko plazetan elkarrekin kantatzeko batuz; eta, azken bi urte hauetan, alderdi abertzaleek beren ohiko mobilizazioei berrekin zietenetik, Aberri Egunaren bezperan ekitaldi banatan Urruñan eta Donostian batuz.
Aurtengoa ez da salbuespena izango. Martxoaren 30ean, Campos Eliseos antzokian, Bilbon ekitaldia antolatuko dugu. Euskal Herriko eragile sozial, alderdi, sindikatu, kultur munduko eragile... batu eta elkarrekin Aberri Eguna ospa dezagun. Nazio gisa garena aldarrikatu eta munduaren aurrean azal gaitezen. Ekitaldi honetan, erronkaz beteriko testuinguruan herri gisa eta euskal lurraldeen artean batera aritzera eta Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deituko ditugu eragileak eta erakundeak.
Aberri Egunak euskal herritar guztion eguna izan behar du, nahiz eta hamaika modutan ospa daitekeen. Guztiak dira egokiak, guztiak beharrezkoak. Horregatik, EH Batera ekimenak herritar guztiak Aberri Eguna ospatzera animatzen ditu: gure etxeetako balkoietan, sare sozialetan edo paparretan ikurrinak jarriz; ekimen politiko, kultural zein instituzionaletan parte hartuz...
Batera bagarelako. Eta batera izango garelako.
Euskal Herria Batera