Jose Antonio Agirre (1936-1960), Jesus Maria Leizaola (1960-1980), Carlos Garaikoetxea (1980-1985), Jose Antonio Ardanza (1985-1999), Juan Jose Ibarretxe (1999-2009), Patxi Lopez (2009-2012), Iñigo Urkullu (2012-2024). Lehendakari bakoitzak bere inpronta eta arrastoa utzi, bakoitzak bere ezaugarriak izan ditu, bere garaiak, bere erronkak, bere asmatzeak eta akatsak, du iritziak iritzi. Gaur egun Iñigo Urkullu Renteria dugu Euskadiko zazpigarren lehendakaria. Zazpigarrena bai. Katea ez da eten, ez. Ezta etengo ere. Iñigo Urkullu Lehendakariak askotan, behin baino gehiagotan hainbat gogoeta-proposamen kaleratu izan ditu bere hiru legealdi zailetan, behin eta berriz. Orain aipatuko ditudanak, ez dira,ez, gogoeta, aldarrikapen edota proposamen berriak. Ezagunak ditugu bere ahaleginak, proposamenak, ideiak eta nahierak. Horra hemen bere, oraingoz azkenaren mamia eta eduki guztiz mardula eta zindoaren gune garrantzitsuenak, beti ere nire uste apalean behintzat. Euskaldungoaren katearen jarraipenaren ardura dugu horietan begi bistan eta eskuartean. Euskaldungoaren sena mantentzearen ardura historiaren aurrean dute helburua. Jeltzale eta Jelkideen ardura nagusiena dugu eskuartean, Euskadiren zazpi lurraldean aitortza eta burujabetza konpartituan murgiltzen dena. Zazpiak Bat bihotzean eta garunean. Horra hor Iñigo Urkullu Euskadiko zazpigarren lehendakariaren desioa eta nahia. Euskal Herria Bihotzean, Euskadi konkrezio politikoa. Urratsez urrats. Pausoz pauso. Egokitzen, asmatzen, proposatzen, arretaz eta adi. Eta horrela geure Lehendakaria, ohi lez, mintzo da. Mintzo zaigu hiritarrei. Mintzo zaio Euskadiri eta Historiari.

Urkullu, zazpigarren lehendakaria

Eta horrela urralde-ereduari buruz, hainbat aldiz aipatu ditu Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak «foru-nazioa», «borondatezko batasuna», «federalizazio asimetrikoaren» eredua edo «Estatuaren horizonte konfederala». Eta nazio-aniztasunari dagokionez ez da lehenengo aldiz esan dituenak: Estatuaren nazio anitzeko errealitatea onartzea defendatzen du Lehendakariak, bai eta «aldebikotasun eraginkorraren» eredua ere, hitzartutakoa beteko dela bermatuta. Aldebikotasunaz hauxe esan du behin baino gehiagotan: Argitzen du bi aldeek ados egon behar dutela eta elkarrekiko leialtasun-konpromisoarekin jokatu behar dutela. “Ez diogu inori ezer inposatu nahi, eta ezin dugu onartu Euskal herriari bere borondatea adieraztea eragoztea”. Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak ongi bezain ongi ditu kontuan aurrekari historikoak Galeuzca, hain zuzen, 1933an sortu zena hain zuzen, galiziar, euskaldun eta katalanen arteko ermandadea. Proposamen eraikitzailea izan zen, lurralde-estatuaren eredu berri baterako etorkizuneko ikuspegia zuena hain zuzen. “Memoria” egiten du, 78.ko Konstituzioari buruzko atsekabea adierazten du argi eta garbi, badu bai motiborik: 1978an iragarritako aldaketa deszentralizazio politiko eta administratiboan geratu zela dio, baina ez zela haratago joan. Botere judiziala ez zen deszentralizatu, Senatua ez zen benetako lurralde-ordezkaritzako ganbera bihurtu nahi izan, eta Konstituzio Auzitegia diseinatu zen estatu zentralaren eta erkidegoen arteko arbitro gisa. Auzitegi horretan, Estatu zentraleko hiru botereek baino ez zuten ordezkaritzarik, eta autonomia-erkidegoek ez zuten ordezkaritza zuzenik eta errealik.

Iñigo Urkulluk Renteria lehendakariak Konstituzio-konbentzioa aipatu eta aldarrikatzen du: Autogobernua garatzeko oinarrien aurretiazko akordioa sinatzearen alde egiten du, printzipio hauek barne, estatutu-esparruak osorik betetzea, Estatuaren nazio-aniztasuna onartzea, aldebikotasuna, berme-sistema edo adostutako erabakitzeko gaitasuna. Eta aipaturiko Konbentzioaren helburuak direla eta, urtebeteko epean konbentzioa egitea proposatzen du hain zuzen, honako hauek aztertzeko: «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren gaur egungo eta etorkizuneko irismena», «foru-jatorriko erkidegoen autogobernua» edo, are gehiago, «nazionalitate historikoen autogobernua». Lehendakariak gaur egungo bidegurutze politikoari irteera planteatzeko modu malgu eta sortzailea eratzea eskatzen du. Berariazko interpretazio konstituzionala hitzartzeko proposamena hain zuzen, Konstituzioa aldez aurretik aldatu beharrik gabe, Estatuaren izaera plurinazionalean eta Euskadiren eta, hala badagokio, Nafarroaren eta gainerako komunitate historikoen autogobernuaren garapen nazionalean funtsezko aurrerapena ahalbidetuko zuena. Hau da, 1978ko Konstituzioaren aurretik autogobernu-eredua zuten erkidegoen artean.

Beste behin esan dut eta baita esango ere: Iñigo Urkullu lehendakariak asmatu egin du politikoki, egokitu zaion egoera nahas, korapilatsu eta zail bakoitzean. Sirena-kantu eta liluragarrien aurrean, geure herrialdearen norabidea, Euskadiren norabidea zentratzea lortu izan du irteerarik gabeko kalezuloetan sartu beharrean. Eta lortu du. Zinez lortu duela. Garaiotan, gaur egun alternatiba gisa aurkezten den alderdiko buruak behin eta berriz esan ohi zuen iraganean, bere gaian, Kataluniako prozesua “eredugarria” zela eta “benetako inbidia” ematen ziola, “Katalunian ez zegoela gizarte-norgehiagokako arazorik”, prozesua “geldiezina” zela, “itzulezintasun-dosi handi batekin”. Eta “Euskadik eta euskal politikak” ere “asko zuela “ikasteko” katalanengatik eta katalan politikaren eskutik, “kamuts genbiltzala hemen”, “Kataluniako eta Euskadiko erlojuak sinkronizatu behar zirela, behar genituela”. “Espero dezagun berandu baino lehen euskaldunok ere bide beretik abia gaitezen”. Ez hori bakarrik; “Katalana izatea eta Artur Mas bat izatea gustatuko litzaidake, inbidia daukat”. Ba bai, komeni da gogoratzea. Guztiz komenigarria bai. Zeren agian, norbaitek uste izan dezake etorkizun liluragarri eta zoragarria ekarriko digutela euskaldunoi eta Euskadiri orain arte biderik ikusgarriena, koloretsuena, alaiena eta borrokalariena, eta okerrena, hartu izan dutenen eskutik. Ezta lehengo aldiz hauek esaten ditudala, ezta azkenekoa izango ere. Egi borobil eta berdaderoak errepikatu eta gogoratzea ongi letorkiguke eta.

Iritziak iritzi, ñabardurak ñabardura, usteak uste, ideologiak ideologi, asmoak asmo, ezin uka Iñigo Urkullu Renteria Lehendakari abertzale zintzo eta jelkidea saiatzen dela geure aberriari begiratuz etorkizuna ahalik eta era egokienean zirriborratzen bihotzean eta garunean. Euskadi eta demokrazia, burujabetza eta aurrerapena jokoan. Egia bai, benetan diot, “maite dezakezula zarena, ez zarena gorrotatu gabe”.

Bejondeizula Urkullu Lehendakaria eta eskerrik asko bihotzez! Lekukoa hurrengoari utzi diozu, Imanol du izena, Pradales lehen abizena, eta sumatzen dut bera izango dugula zortzigarren lehendakaria. Onerako izan dadila, onerako euskal gizartearentzat, Euskadi eta bere burujabetzarentzat. Katea ez da eten. Zorte on. Hala bedi.