maieratik emango diot hasiera nire artikulu honi. Aurrera goaz bai, aurrera helburutan. Aurrera goaz akordioak lantzen, adostasunak ehuntzen, ezberdinen arteko uste eta iritziak begirunez eta errespetu osoz kontrastatzen eta lasai eztabaidatzen. Aurrera goaz hain beharrezko dugun akordiotan, Hezkuntza Lege berri bat ate joka ari zaigun bidean aurrera goaz. Aurrera goaz itxaropenari aukera berritan. Aurrera goaz ekinean eta lanean asmoz eta jakitez. Aurrera goaz, ekinez ezina egina egiten, aurrera goaz akordioan oinarrituz itxaropenari leiho zubigilea irekitzen. Aurrera goaz zeren benetan sinesten dugu onenak emateko garaiak direla. Aurrera goaz zubigintzan, aurrera goaz zubigile eraginkor izaten. Lortuko dugu guztion partaidetzarekin. Aurrera goaz auzolanean. Euskal gizarteak, Euskadik, merezi du ahalegina. Akordioa beraz, Legea ondoren. Legebiltzarrak, lortu du, oso gutxitan lortutako adostasunarekin, pozteko esfortzu eta ahalegin arduratsuak egin ondoren bide hau egiteko sortutako Hezkuntza Ponentzian hasiera emanez, Hezkuntza Batzordean ondoren eta, atzo, bere Apirileko 7ko Osoko Bilkuran %90 baino gehiagoko babesarekin Hezkuntza Akordia guztiz boteretsua, bai lortu, ezberdinen artean. Eta horrela PNVk, EHbilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek, Eusko Jaurlaritzaren esku utzi dute lortutako beraien adostasunaren edukia, honek, Eusko Jaurlaritzak, bere lana burutu dezan, hau da, testu artikulatu bat gauzatu eta Legebiltzarrera ostera bidali hantxe bertan eztabaida eta emendakinen epeen ondoren bozka dezan Hezkuntza Lege berria izango dena.
Aurrera goaz bai, badago oraindik urratu beharko bidea. Ez dut Akordioaren xehetasunetan sartzeko inolako asmorik zeren jakinak dira, egunkari, irrati eta telebisten bidez badugu, izan ere, hainbat berri eta interpretazio multzo zabala eta guztiz ugaria. Baina Aurrera goaz. Lehen aipaturiko lau alderdiok euskal gizartearen gehiengo argia eta honen esparru oso handiaren isla osatzen dute. Bestalde, PP+C’sen ardura pean geratuko da betirako beraien erantzukizun tamalgarriaren falta, lotsagarri samarra hain zuzen hasiera bertatik. Akordio honek zorionez garbi azalarazten du gai dela Herri hau funtsezko gaietan ados jartzen. Gai garela, Herri bezala, arduraz heltzeko hainbat gairi, Hezkuntzari adibidez.
Eta jakina da ez dela lehen aldiz gai honi espresuki, Hezkuntzari, heltzen diodanik, ezta azkena izango ere. Nire iritzian baitaude nahiko arrazoi gaur egun bereziki gai honi, eta ikuspuntu honetatik gainera, heltzeko. Zeren Hezkuntza Akordioa iparrean dugunean, Hezkuntza Lege berriaren premia guztion ahotan egon dagoenean ezin uko egin, horregatik, beste hainbatetan esandakoari jarraipena ematea. Hezkuntzaren edo, oro har, irakaskuntzaren fenomenoa landu ahal izateko, gaia oso poliedrikoa denez, gaiari zein muturretatik heldu nahi diogun hautatu behar dugu askotan aldez aurretik. Horri horrela, lerro hauek irakaskuntza-hezkuntza-fenomenora hurbiltzerakoan hautatu ditzakegun hainbat aukeretatik bat dute xedetzat. Garrantzitsua dela deritzot. Hona hemen beraz hezkuntzari buruz era orokorrean nigan irmo dirauten hainbat gogoeta pertsonal. Aspalditxo irakaskuntza aktiboan egon ez arren berarekiko nire irrika horretan dirau, neure bizitzaren zati handi baten esparrua baita, zorionez.
Agian, nire ustez, bere garaian Derrigorrezko Hezkuntza sustatzen zutenen asmoetan, eta ilusioetan dena esan beharko, konbikzio etiko guztiz sakon eta irmo bat antzemango litzateke: jakintzaren, etorkizunarekiko aukera berdinen eta ezagutzaren zabalkunde kolektiboarekin desberdintasun sozialak desagertu egingo liratekeela pixkanaka.
Baina, beti dago “baina”ren bat, desio-asmo-utopia hori oso urrun geratzen zaigu oraindik zoritxarrez, nahiz eta aurrerapen asko gertatu. Eta, nire iritziz, iritzi apalean noski, helburu osatugabe hori nahikoa izango litzateke guztiok hezkuntza gisa ulertzen dugunari eta hezkuntzatik espero dugunari buruzko hausnarketa orokor bat planteatzeko. Behin behineko eta tokian tokiko errendimendu ekonomikoaren eskakizunen tiraniatik at dagoen gizakiari zuzendutako hezkuntza-sistema bat imajinatu nahi nuke eta horrela pertsona bat irudikatzen, hurkoa arerio bilakatzera iristen den norgehiagoka sozialaren presiopetik ihes egin duen pertsona bat hain zuzen. Gizartearen predestinazioaren gainetik hezten duen pertsona baten profila trazatzen dut eta guztiok gizarte solidarioago bateranzko aldaketan parte hartzea ahalbidetu dezakeen hezkuntza-sare baten beharrean pentsatzen. Baita geure Herrian ere. Horretan gaude.
Horregatik, nire ustez, hezkuntza da hiritarrari bere bizitzaren konplexutasunari aurre egiteko behar dituen tresnak eman beharko lizkiokeen giltza, izan gaitezen errealistak beraz eta eska dezagun ezinezkoa. Amestu nahiko nuke hezkuntza-sistema bat non horren helburua ez den merkatuko ekonomiak agintzen dituen behar apelaezinetara bakarrik zuzenduko; izan ere, balizko hezkuntza-sistema horrek. Balizko eta amesten dudan hezkuntza-sistema horrek, ororen gainetik, pertsonak inguruan duen mundua ulertzen lagunduko lieke pertsonei, guztiei. Pertsonaren autonomian funtsezko izatera iristen den multzoen adimen hori lantzen laguntzen die eta horrela, aberastasunaren sorkuntzan eta banaketan parte hartzen laguntzen. Ekonomikoki indar handia dutenak ahulenetatik bereizten dituzten desberdintasun ekonomiko eta oztopo soziokultural izugarri horiei errotik aurre egiten dien hezkuntza konpentsatorio batez ari naiz, benetan konpentsatorioa den hezkuntza batez. Bide onetik goaz.
Gure gaurko gizarte honek, bereziki ordenagailuen eta informatikaren arloan eman diren aurrerapen bizkorrei esker, printzipioz pertsonak funtzio materialetatik askatzerantz jotzen du, baina, aldi berean, aldaketa horietara guztietara egokitzeko logika, zehaztasun eta adimen-bizkortasun handiagoa eskatzen die. Hortaz, batzuentzat eta arrazoi askorengatik, pertsonen handicapa geroz eta larriagoa eta sakonagoa da. Pertsonak, indibiduoak, gizartean duen harreman dialektikoa, hezkuntzak gizartean duen rola eta horien arteko elkarrekintzak oso gai trinkoak dira, eta elkarrekiko mendekotasuna dute, eta, horregatik, bakoitzak kalkulatu behar du hemen desiratzen den utopiaren eta errealitatearen arteko aldea zenbaterainokoa den. Baina gaur eta hemen, zenbait alde garrantzitsu errealitate bilakatu ditzakegu, duguna hobetuz, eta asko da, bai asko, ona duguna, zeren begirada atzera botatzea nahikoa dugu ikus ahal izateko nondik gatozen, zenbat aurreratu dugun maila eta esparru askotan eta nola gauden gaur egun eta nora goazen, edo nora joan nahiko genukeen hobeto irudikatzeko. Eta lortuko dugu, bidean gaude. Aurrera goaz.
Ikastetxeetan erronka berriei erantzun berriak, soseguz eta aurreiritzirik gabe, aztertu eta indarrean jarri beharko dira, jartzen ari gara; gure ikasgelak betetzen dituen aniztasunaren erronkari eutsiz erabakitasunez eta aurre eginez baliabide egokiekin aurkitzen ditugun errealitate berri eta zailei, beti ere segregazioa saihestuz eta borrokatuz, guztion berdintasun aukeraren aukera bermatu beharko dira, horretan ari gara zintzoki ere, eta hemen ikastetxe bakoitzaren autonomia funtsezkoa guztion ahotan dugu, baita Akordioan ere; behar bezala egituratuta ez dauden familietatik datozen gazteei, hezkuntza-premia bereziak dituztenei, gizarte-maila kaltetuenetatik datozen eta portaera-arazoak dituztenei erantzun egokiak eman behako litzaieke, eta emango zaie, beharrezko liratekeen neurri, tresna eta laguntza ekonomikoak jarriaz, eta jarriko dira; datorkigunari, jadanik hemen dagoenari, aurre egiteko prest egon behar eta horien eskolatze eraginkor eta errealerako ahalegina egitera bultzatu, eta zentzu horretan irakasleriaren egonkortasuna neurri guztia egokia litzateke, eta horrela islatzen da argi eta garbi Akordioan; etorkizunerako hezteak pertsonak etengabeko aldaketarako eta transformaziorako prestatzeak esan nahi du, eta hemen irakasle bakoitzaren prestakuntza beharrezkoa dela aurreikusten du Akordioak. Begi bistan datozkigun erronka berrien aurrean euskal gizartearen berezko hezkuntza komun bat lortu behar dugu, eta lortuko dugu. Euskal nortasunaren oinarrizko elementu konpartitu batzuk eskainiko dizkigun hezkunta, funtsezkoa eta erabakigarria begirada luze estrategikoa etorkizunaren marrazkian izango duena lortzeko bidean dugu, aurrera goaz esparru guzti hauetan.
Funtsezkotan ados baikaude. Hasieran aipatutakoaren gogoeta berarekin amaitzen dut, aurrera goaz, hezkuntzan ere. Bedi bada. * Irakasle ohia