z da lehenengo aldiz, eta egunkari honetan bertan horrela adierazi izan dut behin baino gehiagotan, hezkuntza dela bereiziki edozein administrazio edo gobernuk, ezinbestez zaindu eta bermatu beharreko esparrua, etorkizuna bera baitago jokoan. Ziur nago beste behin ere errepikatuko dudala baieztapen hori. Eta nire iritziz behintzat politikaren zelai jokoan legitimoki gertatzen den gobernua eta oposizioaren arteko eztabaida eta liskarretatik kanpo geratu beharko litzateke, ahal den neurrian behintzat. Arrazoia guztiz sinplea da, hezkuntzaren inguruko guztia garrantzitsuegia baita politikaren jolas arruntean jostailu eta tresna erasokor gisa erabiltzeko. Eusko Jaurlaritzak horrela uste eta sinesten izan du, eta du. Jakina eta ezaguna denez prest azaldu zen aspalditxo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua den Jokin Bildarratz, eta bere taldea, hezkuntzaren esparruan zerikusia duten guztiekin harreman, bilera eta elkarrizketak aurrera eramateko Hezkuntza Lege berrira eramango gaituen ibilbidetik Akordio bila. Erronka itzela. Beharrezko gogoeta garaia iritzi ezberdinen arteko partaidetza ezinbesteko tresna bilakatu da. Orain dela hilabete batzuk urratsak ematen hasia zen Hezkuntza Saila xede hori lortzeko bidean. Diskretuki baina lanean. Sarri lana eta diskrezioa, diskrezioa eta lana ezinbesteko jarrera eraginkorra suertatzen da eta. Ez da bide erraza, ezta agian motza izango ere, luzea eta agian (baita ere) korapilatsua izan daiteke, baina egia esan, antzinako esaldi oso zuhur batek dioen bezala: nork esan zuen, bada, horrelako zerbait aise eta erraza izango zenik? Zaila bai, baita lorgarria ere. Utopiak lanean lortzen dira, ekinean, zeren badaude eskuratu daitezen utopia lorgarria.
Helburu aberatsaz ari gara, euskal gizarteari zor zaiona eta Euskal hezkuntza sistema osoak bere etengabeko hobekuntzaren bilakaeran hain beharrezkoak dituenari ere era berean zor zaio, Akordioa eta Lege bera dugu jokoan eta. Helduak heldutasunez aritzeko heldu zaigu garaia: malgutasuna, zuhurtzia, eskuzabaltasuna, jakituria, begirada luzea, ardura eta prestutasuna derrigorrezkoak zaizkigu guztioi. Guztioi esan dut bai, zeren guztiok beharrezkoak gara zeregin apasionatu honetan, inor ez da soberan. Urte askotako eskarmentua izan duen irakaslea izan naiz hamarkada luzetan, hezkuntzaren esparruko leku, toki, zeregin eta ardura ugaritan ibilitakoa naiz, asko ikusia eta ikasia, eta horregatik esan dezaket zintzotasun osoz Euskal hezkuntza sistema ona dugula euskaldunok. Baina bada, beti dago “baina”rik nola ez? zer hobetzerik, zer lantzeko, eguneratzeko eta gaurkotzeko noski.
Garbi izan dut beti zinez errealitate objektiboa baita, hezkuntzan eskuartean dugun gaurko errealitatea, guztion arteko lanarengatik lortua eta eskuratua izan dela, auzolana izan zaigula klabea. Sinestun izan naiz pertsona eta ideia ezberdinen arteko begirune lasaia, adostasun zentzuduna eta elkarrizketa zintzoa izan direla eraiki eta altxatu dugun eraikuntza irmoaren zutabe sendoak. Hori da bide bakarra, bazterrezineko oparo eta eragingarri bakarra eta arduratsua. Jakina da garai berriek erronka berriak dakarzkigutela hezkuntzan bereziki hala nola eta beste arlo askoren artean: baloreak, konpetentziak, elkarbizitza, hizkuntzak eta bereziki euskararen irakaskuntza eta ikaskuntzaren inguruko tratamendu guztiak zeregin desberdin eta berritan alor formal eta ez-formaletan, ebaluazioa, inklusibitatea, hezkidetza, berrikuntza, segregazioa eta bere ondorio tamalgarri eta bidegabeak saihestu eta ekiditeko neurri beharrezkoak, dibertsitatearen tratamendua eta berdintasuna lantzea ezberdinen artean, ikasleen behar bereziei erantzutea, ikasle etorkinekiko errealitateari erantzutea, jaiotze tasaren gain-beherakada, ikastetxeen autonomia, hezkuntzaren modernizazio eta berriztatzea, irakasleen eta zuzendaritzen formazioa beharrezkoa eta hauen lan baldintzen hobetzea, klaustroen egonkortasuna eta zerrenda eta abar oso luzea ditugu erronka gisa.
Agian norbaitek pentsa dezake aipaturiko zerrenda luze horretan ahaztu ditudala beste hainbeste gai garrantzitsu, eta arrazoi osoa edukik dezake. Dena dela nire uste apalean behintzat, “zerbitzu publikoaren” kontzeptuaren interpretazioa(k) eta bilakaera(k), “zaurgarritasunaren edo kalteberaren” inguruko erronka guztiak nola bideratu eta landu bi sareetan eta “euskararen” ingurukoak izan daitezke, esparru korapilo eta aberatsenetakoak eztabaida ausarta eta adostasunetarako.
Otsailaren 9an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordeko buruak akordioaren oinarriak adosteko txostena aurkeztu zien legebiltzarkideei eta horrela Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeen esku utzi zuen eztabaidarako iazko udazkenean batzordean izandako ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso eta entzun ondoren. Datozen urteei begira hezkuntzak dituen erronkak jasotzen ditu aurkeztutako txostenak eta baita horiek lortzeko balizko bide orria ere. Aurkeztutako txostenak Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren sorrera aipatzen du, Sistema eleaniztuna, euskara ardatz duena proposatzen du, segregazioaren kontra ari da, ikastetxe berberetan ikasle kaltebera edo zaurgarrien kontzentrazioa ekiditeko bidean hezkuntza sistema berriak “barruti/eremu” bakoitzean hezkuntza proiektu integralak garatzea proposatuz, era berean dohaineko hezkuntzari heltzen dio non bikaintasuna zein ekitatea lortzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritzak doakotasun erreala bermatuko du eskolaratze-kuotak desagerraraziz. Eskola inklusiboaren gaiari heltzen dio eta horrela gizarte kohesioaren bidean euskal eskola izango da eta planak, programak eta protokoloak garatuko ditu ikasle migratzaileei arreta emateko, genero indarkeria prebenitzeko, ikasle ijitoak eskolaratzeko, adimen gaitasun handiko ikasleen jardunerako, ikasleen eskubideak eta betebeharrak zaintzeko, eskola jazarpena eta internet bidezkoaren jarduteko eta genero jokabidea ez arautua duten ikasleei laguntzeko. Eta beste hainbat kuestioen artean Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren eta Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren sorrera ere aurreikusten du. Zuzenketa, iritzi, iradokizun eta ekarpenen epea irekia dago, eta hasiak dira beraien iritziak plazaratzen bai sindikatu eta hainbat eragile eta ordezkari. Hortik aurrera eta betiere txostena aberasteko eta osatzeko asmoz alderdi politikoek beraien ekarpen propositibo eta ñabardura osagarriak egingo dituzte, eta behin horiek jasotakoan Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio Hezkuntza Legea burutzeko kontuan izan dezan. Jakina da Eusko Jaurlaritzak udazkenean onartu nahiko lukeela Lege berria datorren urteko seihilekoan inguru Eusko Legebiltzarrean bozkatu ahal izateko ahalik eta babes zabalena lortu nahian betiere. Akordio ahalik eta zabalena helburu eta asmo.
Erronka, aukera eta etorkizuna begira ari zaigu. Hiru biloba gazte gaztetxoak ditut gogoan eta bihotzean, beraien hezkuntza amets eta desira, beraien etorkizuna irrika. Gaur egiten dugunak, eta egiten ez dugunak, baldintzatuko du urteetako hezkuntza eta ondorioz datozen belaunaldien nortasuna. Habe berri eta irmoak tinko jartzeko garaiak ditugu, ezin beste aldera begiratu, ez ikusiarena eta ez entzutearena egin. Gauzak ondo egiteko ilusioa eta irrika suertatu zaigu. Borondatea eta etorkizuna dugu gure geletako mahi eta aulkietan. Irakaslea izan naiz urte luzetan, maite izan dut nire lana, eta betidanik ikusi dut asko dagoela irakasle baten eskuetan. Onenak emateko garai hauetan hobetu dezagun hobetu beharra, zaindu dezagun dugun ona, asko eta ugaria baita. Ez dezagun kalerik egin, ezin oraingoan, ez baitugu eskubiderik kalerik egiteko. Asmatze beharra obligazio berdaderoa da, asmatu egingo dugu, ziur.
Zorterik hoberena ikasleei, gurasoei, irakasle eta langileei, eskola komunitate eta hezkuntza eragileei, Hezkuntza Sailari eta bere Sailburua den Jokin Bildarratzi, eta bere talde osoari ibilbide, saiakera eta nahian. Nire itxaropena adierazi nahi dut sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik.
Hezkuntza itun berri baten atarian gauden une honetan erantzukizun partekatua eta erronka kolektiboa ezinbesteko agindua dugu. Bedi bada. * Irakasle erretiratua