Egun hauetan Euskal Herri osora zabaldu den Euskaraldiak gaur beteko du hamaikaldiaren azkena, Euskararen Egunarekin bat eginez. Hurrengo egunetan, ariketa sozial eta berritzaile honen gogoetak, analisiak eta balorazioak egingo dira euskararen erabilpenean zer tamainako eragina izan duen jakiteko eta, bide batez, etorkizunean euskarak aurrez aurre dituen helburu potoloak lortzeko ekimen baliagarria izan daitekeen ala ez aztertzeko. Presazko analisi batean esan daiteke Euskaraldiak balio izan duela euskaldunon komunitatea piztu, elkartu eta antolatzeko; euskara jakitunak euskarari lehentasuna ematearen garrantziaz jabetzeko; erabateko alfabetatzearen bidean dauden hiztunen lanek eta buruhausteek merezi dutela egiaztatzeko eta euskaldunek haien eguneroko jardunean euskaraz bizitzeko dituzten muga handiak agerian uzteko; alegia, Euskal Herrian askatasun eta eskubide linguistikoek duten desoreka nabarmena erakusteko. Hala ere, Euskaraldia tanta bat besterik ez da izan eta ezin zaio eskatu eman ezin duena. Euskaraldiak nekez konponduko ditu euskarak dituen arazo eta erronkak; aitzitik, Euskal Herri mailan lehenengo aldiz antolatu den saio honek erakutsi du zenbaterainoko garrantzia daukan erakunde publikoen eta euskalgintza munduan aritzen diren elkarte eta taldeen arteko elkarlana. Urtetan elkarri bizkarra emanda bizi ondoren, bi mundu hauek euskararen aldeko jardunean ezinbesteko zutabeak dira, bakoitza bere eginkizun, funtzio eta arduretatik. Norabide berean elkarlanean aritzea beste alternatibarik ez dago. Euskaraldia bukatuta eta Euskararen Egunaren biharamunean, betiko martxari eutsi beharko zaio berriro ere. Euskaraldia hasi aurretik indarrean zegoen egoera soziolinguistikoak hor jarraituko du, baina horri aurre egiteko beharrezkoa den ilusioa eta lanerako gogoa pilatzen duen depositoa beteta dago gaur bukatuko den hamaikaldiaren ondoren. Autogobernua indarrean dagoenetik bide luzea egin da eta ez dira txikiak eman diren aurrerapausoak. Kualitatiboki euskarak jauzi ikaragarria eman du, jakintzaren edozein alorrean gainera, sorkuntzan aurreikusi izan ez ziren lorpenak bereganatuz. Aldiz, kuantitatiboki aurrerapenak mantsoagoak izan dira, adibidez, lan mundua euskalduntzean edo hizkuntzaren erabilpenean. Etsipenean erori gabe, ekinean jarraitzea beste biderik ez dago.