Egutegi liturgikoa dela eta, pasa den igandean oso oraingokoa iruditu zitzaidan pasarte bibliko bat irakurri zen nire Gasteizko parrokian: Mt 15, 21-28. Labur-labur: pasartean Kanaaneko emakume bat Jesusengana doa, bere alabaren gaixotasuna bakarrik Maisuaren botereak senda dezakeelakoan. Jesusek bere obra “Israel herriko ardi galduei” mugatzen dela diotso, seme-alaben ogia “txakurrei botatzea” zilegi ez delakoan (emakumea ez baitzen judua). Andreak ordea etengabe eskatzen dio, eta bere fedea ikusirik, Jesusek honen alaba gaixotzen duen deabrua botatzen du azkenik.

Gure apaizaren esanetan, Jesusek “hautatutako herriko” aberkide gisa zeukan bere burua. Ez omen zitzaion zilegi judu ez zen bati halako bedeinkaziorik ematea. Baina emakumearen fedeak ikuspegia aldatzen dio, kristautasunaren funtzio unibertsal edo “katolikoa” hasiz. Apaizak, orduan: “ez al gara gu sarritan halakoak? Ez al dugu ikusten “gutarrak” ez direnak gu bezalako eskubideak dituztela? Ez al gara gaurko kristauok honelako jarreretan erortzen, adibidez, bozkatzen dugunean, kolektibo ahulen kontra doazenak bozkatuz?”.

Hitz hauek Gasteizen esatea gogorra da, gure alkatearen esanak direla eta ez direla. Sermoia ordea ez zen hor amaitu: zer pasatzen ari da Europan? Nola bihurtu gara horren berekoi kanpotarrekin?

Honek guztiak pentsarazi zidan gure Euskal Herri honetan, moderno eta industrialak garenetik, beti izan ditugula “kanpotarrak” gurean, gutar egin direnak eta gure aniztasun kulturalaren autore direnak. Uste dut badugula euskaldunok lur fina tolerantzia arinago erein eta aniztasunez elikatzeko. Iruñean dagoen gure foru legeak hala baitio: Guk, euskaldunok, ez dugunok beste jaunarik Jainkoa besterik, atzerritarrari ostatu gozoa eman ohi diogu”. Ez dakit bada Len Pen-tar xamar bihurtzen ari ote garen Gasteizen, baina dena den, kristau on bagara, gure foru legearen esana aplika dezagun eta gogora gaitezen pasarte honetaz. Eta kristau on ez bagara, ere bai. Tolerantziarekin eta gure herriaren aniztasunarekin zerikusia duten arazo asko aurreztuko ditugu. Ez dezagun ahaztu munduari buelta eman zion lehen gizona euskalduna zela...