amaren sabeletik jaiotzen dira haurrak eta burutik asmoak, baina aita alferraren umeek jateko gutxi eta grina asko izaten dute. Grinak umeak sortzen dituela esan ohi da eta abenduaren 3an Osakidetzaren II. Euskara Plana aurkeztu zen, Euskararen Egunean jaioa, askorentzat lehenengoa jaioberria. Planak jaio aurretik grinak piztu ditu eta kritikak arrapaladan etorri zaizkio jaiolekutik etxerako bidean.
Euskararen bideak malkartsuak dira eta Planaren proposamenen artean gehien kritikatu den neurria erroldarena izan da. Pazienteen hizkuntza (ama hizkuntza edo aukerazkoa) gogoan izanik, aurrerantzean Lehen Mailako Arretako zerbitzu-erakunde guztiek erabiltzaileei galdetu beharko diete ea beraien datu pertsonalei lehentasunezko hizkuntza eranstea nahi duten ala ez. Informazio hau ikusgai egongo da langileon aplikazio informatikoetan, euskaraz hitz egin nahi duena erraz identifikatzeko. Euskaraz bai sano! kanpainaren helburua langile euskaldunak identifikatzea zen, erabiltzaileei euskaraz egitea errazte aldera. Orain, pazienteek euren lehentasunezko hizkuntza aukeratuko dute, guztioi erabilera eta eskaintza errazteko.
Euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko hizkuntza lehentasunak erregistratzea ezinbestekoa izan arren, infernuko sua aipatzea da askorentzat. Askatasunaren aurka omen doa, eta gutxi batzuen eskubideak babestea askorentzat inposaketa besterik ez da. Patxi Lopez lehendakari ohiaren hitzak gogoan: "Bildu ya ha empezado a poner etiquetas a los ciudadanos clasificándolos en buenos y malos vascos, los de aquí y los de allá, los nuestros y los otros, los que hablan euskera y los que no... Acabarán expulsando del país a quienes no comulguen con su adoctrinamiento". Parekotasunaren aldarrikapenen aurrean gazteleraren inposaketa zuritzeko eta euskararen aurka edozein aitzaki erabiltzeko lotsarik ez dutenez, erabiltzaile edo langile euskaldunak identifikatzea nazismoaren parera igo dute. Ahuntzak harri gainean jaio eta harri gainean bizi, eta lotsagabe hauek harriak botatzeko beti prest.
Aldeko arkumea hobe da urrutiko ahuntza baino, eta euskarari herra diotenak ez dira munduan ibili. Izan ere erroldak aspalditik erabili dira osasungoan, eta erabiltzaileen elea zein den jakitea ezinbestekotzat hartzen dute kalitatearen kudeaketan lan egiten dutenek. Egon badaude osasungoaz ezer ez dakitenak, baina futbolaz adina hitz egiten dutenak alde batetik, eta sekula lan egin ez dutenak bestetik. Osasuna opa diet guztiei. Baina zerbitzuaren kalitatea hizkuntzari lotua dago, eta erabiltzaileen hizkuntza erregistratu behar da nahitaez.
Suitzan esaterako, eleaniztasuna normaltasunez kudeatzen duten herrian -beste estatuen esku sartzerik gabe-, hiritarren ama hizkuntza erroldan jasotzen da 1860tik. Adituek diotenez, hizkuntzen erregistroa egitea erraza da, pazientea ardatz duen arreta sisteman ezinbestekoa, zerbitzuaren kalitatea dakar eta pazienteen gogobetetasuna hobetzen du.
Erroldaz haratago, ereduak proposatuko nituzke nik. Irakaskuntzan hizkuntza ereduak aspaldikoak dira, ikasleek edo gurasoek aukeratzen dutelarik lehentasunezko hizkuntza. Ez du horrenbesteko iskanbilarik sortu, eta euskaraz zein gazteleraz ikasteko eskubidea onartua da gaur egun. Baina osasungoan ez dago horrelakorik, ez dago hizkuntza aukerarik, gaztelera derrigorrezkoa eta ezinbestekoa bilakatu dute.
Egoera konpontzeko erabiltzaileek lehenesten duten hizkuntza jaso behar da, errolda sortu, eta horren arabera eta arian-arian ereduak ezarri. Gaztelerazko eredua edo eredu euskalduna, non erabiltzaileak eta osasun-langileak euskaldunak izango diren, lan-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza uztartuz, ahoz eta idatziz. Herri txikietako kontsultategietan eredu bakarra egon behar da nahitaez, elebiduna, mediku bakarra dagoenez; baina osasun zentroetan eredu ezberdinak posible dira, elebakarrak izango diren ereduak. Osasun eredu euskaldun elebakarra alegia.
Eredu honek langileak erakarriko lituzke, jendeak uste baino lehenago, eta bere kiribilean erakunde osoa hartuko luke. Zirkuituen bitartez historia klinikoa osasun arreta euskaraz eskaintzeko giltzarria den legez, eredua litzateke erakunde osoa euskalduntzeko giltzarria.
Ereduak proposatuz gero, infernuko sugarren beldurrez edo iraindurik irakiten jarriko dira batzuk, irakaskuntzan gertatu zen moduan. Ardi beltzok bide malkartsuetara ohituak gara, eta gauzak ondo eginez gero, datozen urteotan euskalgintzak borroka latza izango du osasungoan. Erregistroaz haratago, ereduak sortu behar dira.