Ezberdinak gara oso katalanak eta euskaldunak. Koadrilan ateratzen garenean guk botea jartzen dugu eta haiek, mitoak dionez, bakoitzak berea ordaintzeko ohitura dute. Hala ere, gure kultura miresten duten batzuk ausartu ei dira probatzera. Arazoa, botezainak bere egitekoa ulertzen ez duenean sortzen da. Demagun denon botea jasotzen duenak bat-batean diru kutxakoa berea dela uste duela eta hala balitz bezala jokatzen hasten dela. Berak erabakitzen duela guk zer har dezakegun eta zer ez, berak ebazten duela bere burua asetzeko mugarik gabe xahutu dezakeela eta sosak agortzen direnean gehiago biltzeko ahalbidearen jabe dela.
Katalanak nazkatu egin dira botezainarekin eta independentziaren aldeko hautua egiteko bidean daude. Kontua ez da bakoitzak berea ordaintzeko sistemara itzultzea, ez, sistema aldatzea baizik. Lehenengo, koadrila aldatzea. Espainia ez da fidagarria jada; Europa, agian. Oraingo hauteskundeetan gertatzen dena gertatzen dela katalanek argi dute altxortegi komunean jartzen duten dirua euren izerditik ateratakoa dela eta eurek, zergapekoek, gizarte zibilaren ongizaterako erabiltzen dela ziurtatzeko ardura dutela. Hala ez bada, altxorzainari dirua itzultzeko eta lagunez aldatzeko eskubide osoaren jabe dira. Zorte on.